Ate irekien jardunaldiak egingo dituzte asteburuan Aikurren
Larunbatean eta igandean ate irekien jardunaldiak egingo dituzte Urretxuko Aikur erleen museoan. Bai larunbatean eta bai igandean bi bisita egongo dira, doan. Larunbatekoei dagokienez, 11:00etan euskaraz izango da eta 12:30ean
Larunbatean eta igandean ate irekien jardunaldiak egingo dituzte Urretxuko Aikur erleen museoan. Bai larunbatean eta bai igandean bi bisita egongo dira, doan. Larunbatekoei dagokienez, 11:00etan euskaraz izango da eta 12:30ean gazteleraz. Igandean, 11:00etakoa gazteleraz izango da eta 12:30ekoa euskaraz. Bisitariek, museoa bisitatu eta erleak ikusteaz gain, aurtengo ezti berria abaraskatik ateratzen ikusi ahal izango dute. Gainera, ezti ezberdinak dastatzeko aukera edukiko dute. Eztia atera ondoren, haur bakoitzak ezti pixka bat ontziratu eta etxera eramango du.
Aurten, sei ezti ezberdin bildu dituzte Aikurrekoek: erromeroarekin egindako udaberriko eztia, Gipuzkoako mila lore eztia, akazia eztia, txilar eztia eta udazkeneko mila lore eztia. Bisitariek hauek guztiak dastatzeko aukera edukiko dute. Aikurreko erleak Euskal Herriko hainbat tokitan egon dira: Aizkorri-Aratz parkean, Nafarroako mendietan, Urola bailaran, Izki parke naturalean, Codes mendizerran… Toki horietan guztietan, eztia egiteaz gain, polinizazio lanak egin dituzte eta, hala, loreen emankortzea bermatu dute.
Aikur 1995ean ireki zuten eta 2007tik museoa ere bada. Bertan, erleekin lan egin eta produktuak merkaturatzeaz gain, erleen bizitzaren berri ematen dute. Museoan, animalia horien bizitza nolakoa den, zein produktu egiten dituzten, ekosisteman zer nolako garrantzia duten… azaltzen dute. Euskal Herriko erleei buruzko museo handiena da. 280 metro koadro ditu eta bertan tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzte. Garai bateko erreminta eta erlauntzekin batera, panelak eta pantailak dituzte.