Sunsundegi rallyko auto klasikoek Zumarragan geldialdia egingo dute
Aurreko hamar urteetan bezala, Sunsundegi rallyan parte hartuko duten autoek Zumarragan geldialdia egingo dute. Rallya larunbatean izango da eta 52 autok parte hartuko dute. Zumarragako plazara 18:15a aldera helduko dira
Aurreko hamar urteetan bezala, Sunsundegi rallyan parte hartuko duten autoek Zumarragan geldialdia egingo dute. Rallya larunbatean izango da eta 52 autok parte hartuko dute. Zumarragako plazara 18:15a aldera helduko dira eta ordubete pasatxo emango dute bertan.
Ekitaldia atzo aurkeztu zuten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Anjel Gurrutxaga Euskadiko automobilismo federazioko presidenteak, Luis Murgia RACeko lehendakariordeak, Jose Luis Saenz de Urtubi RACeko teknikariak, Roberto Uriarte parte hartzaileak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Serranok oso auto bereziak ikusteko aukera egongo dela aipatu zuen. «Ekitaldi hau Motorraren Astearen barne antolatu dugu, auto klasikoen eta Seat 600 autoen kontzentrazioekin batera. Larunbatean Zumarragara etortzen dena ez da damutuko».
Sunsundegiren Alpinea
Murgiak Zumarragara etortzea pozgarria dela eta dagoeneko jubilatuen etxea oso ondo ezagutzen dutela esan zuen. «Nik Sunsundegirena izan zen Renault Alpine batekin parte hartuko dut. Rally hau auto horrekin egiten dut beti».
Saenz de Urtubik 52 autok parte hartuko dutela esan zuen. 30ek erregulartasun rallyan parte hartuko dute eta beste 20ek auto historikoen kontzentra- zioan. Lehenengoek 331 kilometro egingo dituzte eta bigarrenek gutxiago. «Ostiral arratsaldean ibilbidea gure webgunean jarriko dugu, jendeak rallya ikusteko nora joan behar den jakin dezan».
Gurrutxagak Sunsundegiren oroimenezkoa auto klasikoen rally garrantzitsuenetako bat dela aipatu zuen. Uriartek larunbata noiz iritsiko zain dagoela aitortu zuen. «Beti bezala, egun zoragarri bat igarotzeko irrikatan gaude. Auto klasikoak dituzten guztiak kontzentrazioan parte hartzera animatu nahi ditut».
Ekitaldi hau Ignacio Sunsundegi irundarraren oroimenez antolatzen da. 1962an Citroën 2CV batekin Jaizkibeleko igoeran parte hartu zuen. Ondoren, hamaika probatan parte hartu zuen, auto ezberdinekin. Arrateko igoera hiru aldiz igo zuen eta Jaizkibeleko igoeran bigarren egin zuen. 1997an hil zen, bihotzekoak jota, auto klasikoen Panama-Alaska rallyan.