
Etxetik urrun jokatu arren, partida bikaina egin zuen Ampo Ordiziak Alacanten. Mailaz aurten igo den La Vila taldeari 24 eta 35 irabazi zioten, ordiziarren orain arteko emaitza bolada kaskarrari buelta emanez (lau partidatik bakarra irabazita zetozen). Ampo gehiago izan zen zelaian, eta partidaren hasieratik alde izan zuen markagailua; indarrean atera ziren eta 4. minuturako 0-14ko errenta hartua zuten, eta atsedenera 0-21eko markagailuarekin iritsi ziren.
Ohorezko mailako taldeek ez dute oparirik egiten ordea, eta partida erabakita zegoela zirudien arren, etxeko taldeak beste itxura bat eman zuen, presioa eginez eta erasoan aterata. 47 eta 50. minutuetan entsegu bana egin zituzten, nahiz eta ez zuten kolpea gauzatzerik lortu. Ordiziarrak ere kolpetik esnatu ziren, eta 56. minutuan Ander Alberdik entsegua egin zuen. Haren atzetik etorri zen Julen Goiaren entsegua ere; bietan Valentin Cruzek gauzatu zuen kolpea. 10-35 aurretik zirela, etxekoek beste bi entsegu egin zituzten azken minutuetan. Hala, 24-35 bukatu zuten, eta bi taldeek jaso dute erasoko bonusa.
Ampo Ordiziarentzat, garrantzia handikoak dira asteburuko 5 puntuak, orain arteko puntu eskasia ikusita. Datorren asteburuan denboraldiko lehen derbia jokatuko dute etxean, Getxoren kontra.