Goierriko?Hedabideen gogoeta prozesuko bigarren lan-taldeak tokiko kazetaritzaren etorkizuna eta gazteak izan ditu hizpide .Lau multzotan banatuta aritu dira lanean
Aurrera doa Goierriko Hedabideek hilaren hasieran abiatu zuten partaidetza prozesua. Orduko hartan –urriaren 7a zen– proiektuaren bideragarritasun ekonomikoaz eta sustapen arloaz aritu bazen lehen lan taldea, oraingoan tokiko kazetaritzaren etorkizunaz eta gazteak erakartzeko bitartekoei buruz hausnartzen aritu da bigarrena. Udal mailan, euskalgintzan, kazetaritzan eta hezkuntzan diharduten 30 lagun elkartu ziren zeregin horretarako joan den larunbatean Beasaingo Igartzan.
Lehen batzarreko eredu berari heldu zioten Elhuyar taldeko dinamizatzaileek. Goierriko Hitza-ren helburuei eta produktuei errepaso egin ondoren –paperezkoei zein digitalei–, lau multzotan banatuta bideratu zuten gogoeta. Lehenean, Komunitatearen osaeraz eta hura elikatzeko moduaz aritu ziren;?bigarrenean, kazetaritzaren joera berriak eta erronka digitala izan zituzten hizpide; hirugarrenean produktuei egin zieten errepaso; eta laugarrenean, gazteengana iristeko bideak aztertu zituzten.
Datozen bi saiok Antion
Jasotako ekarpen guztiak plazaratzeko unea iritsi zen ondoren, talde zabalean. Ahulguneak eta indarguneak antzeman ez ezik, ideia eta proposamen berriak ere irten ziren hitz-aspertuetan.
Joan den larunbateko saioan parte hartu zuen lan-taldeak azaroaren 4an izango du bigarren eta azken saioa Zumarragako Antioko interpretazio zentroan, 10:00etan hasita. Aurrez, hala ere, bideragarritasunaz eta sustapenaz hausnartzen ari den taldearen txanda izango da. Talde horrek datorren larunbatean, hilaren 28an, amaituko du prozesua, Antion, 10:00etan.