Aisialdirako begirale ikastaroa martxan jarri nahi du Legazpiko Udalak
Aisialdirako begiraleen prestakuntza arautzen duen araudi berri bat indarrean dago. Bihar bilera egingo dute araudiaren aldaketak azaltzeko. Bideragarria bada azkar abiatu nahi dute
Legazpiko Udaleko Gazteria Zerbitzuak aisialdiko begirale ikastaroa antolatu nahi du. Aisialdiko begiraleek beharrezkoa duten prestakuntza arautzeko dekretu berria indarrean dago eta dekretu horrek hainbat aldaketa eragin ditu. Aldaketa horien guztien berri emateko gazteria sailak bilera deitu du. Bihar egingo dute 19:00etan kultur etxean.
Bileran dekretu berriak eragin dituen aldaketei buruzko azalpenak emateaz gain, aisialdiko begirale ikastaroa egiteko interesa dutenak elkartu nahi dituzte eta ikastaroaren proposamena elkarrekin definitzeko asmoa ere agertu dute.
Matrikulazioa
Ikastaroa egiteko prest dauden gazteak bilduz gero, Legazpiko Udalak proposamena egingo luke eta, bideragarria bada, datozen egunotan abiatuko luke matrikulazioa ikastaroa ahalik eta azkarren martxan jartzeko.
Legazpiko gazteria sailetik adierazi dutenez, ikastaroa euskaraz egingo dute eta, gazteek aukeratzen duten ikastaro motaren arabera, 18 urte aurten betetzen dituzten legazpiarrek parte hartzeko aukera izango dute.













