Beasaingo 25. altxorra eskuan
Beasaingo Paperak bildumak 25 urte bete ditu eta 25. zenbakia argitaratu du Josetxo Zufiaurrek. 'Beasaingo garai bateko lanbideak' liburuan 45 ogibide jaso ditu
Beasaingo herriaren bizitza, nortasuna, izaera eta historia jasotzen duen Beasaingo Paperak bildumaren 25. zenbakia aurkeztu zuen astearte iluntzean Josetxo Zufiaurre Goiak: Beasaingo garai bateko lanbideak. 1992ean hasita, urtero, Beasainekin lotura zuzena duten hainbat arlo ikertu eta jaso dituzte egileek eta Beasaingo Udalak.
Aitor Aldasoro alkateak aurkezpenean esan zuen bezala, benetako «altxorra» da Beasaingo Paperak bilduma, herriko ondarea ikertu eta liburuan jasota baitu Beasainek. Honela, eskerrak eman nahi izan zizkien 1992an bilduma hori sortzeko erabakia hartu zuten Jose Luis Arriola alkateari eta Mikel Zalduari, eta Beasaingo Paperak liburuak idatzi dituztenei. Ekitaldiaren amaieran, Beasaingo Paperak bilduman parte hartu duten alkateak (Jose Luis Arriola, Patxi Plazaola eta Aitor Aldasoro), zinegotziak eta egileek argazkia atera zuten.
Zufiaurreren 9.a
Josetxo Zufiaurrek izan du ohorea Beasaingo Paperak bildumako 25. liburua idaztekoa. Zufiaurreren 21. liburua da, bildumako bederatzigarrena. Beasaingo garai bateko lanbideak bildu ditu oraingoan, «gure aurrekoek bizia aurrera ateratzeko egiten zuten lana balioan jartzeko eta nondik gatozen jabetu gaitezen». 2015ean Beasain hiribildu izendapenaren 400. urteurrena ospatzeko Jokin Telleria margolariak egindako lanbide zaharren margoak ditu oinarri Zufiaurreren azkeneko lanak; 45 lanbide dira guztira. Horietako asko, galduta daudenak dira: gauzaina, kakahuete txigortzailea, latsaria, orratz zaina eta sugina esate baterako.
Lanbide bakoitzaren «azaleko» kontakizuna egin duela esan du egileak, bere eta adineko pertsonen memoriatik ateratakoak, eta artxiboetako ikerketarik gabekoak. «Nahiko azalekoa da, baina herritarrentzat nahikoa dela uste dut», zehaztu du beasaindarrak.
Nekazaritzak leku berezia du liburuaren amaieran, «gure baserritarren bizimodu osoa hartzen duenez». Orain dela 30 urte bost lagunen artean egindako Beasain, udalerri baten historia libururako Zufiaurrek berak tinta txinaz egindako baserriko tresnen marrazkiak eta azalpenak txertatu ditu: «Baserrietan zeuden erremienta guztiak margotu nituen tinta txinaz, eta zenbaki bat jarri nien, erraminta bakoitza zertarako zen azalduz».
Liburuaren azaleko argazkia, Beasaingo udaletxe zaharraren eta Alemaniako hainbat herritako plazetan dauden lanbide tradizionalen zuhaitzaren arteko uztarketa da. «Gaiak antzekotasuna duenez, nire bidaietan ikusi dudan Europa erdialdeko herrietako ideia kopiatu dut. Haietara iristen zirenei udalerrian beren beharrizanak asetzeko aurkitu zitzaketen lanbideak erakusteko modua zen».













