Indarkeria matxistaren gaia ikastetxeetan landuko dute
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organuak ikasgeletan landuko du indarkeria matxistaren arazoa, haurrekin. Irailean hasi zuten ‘Denok Zu’ sentiberatze kanpaina, eta eskualdez eskualde ari dira berri ematen. Miren Elgarresta zuzendaria Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean izan da, gaur. Bihar, Idiazabalgo Aita Iparragirren errepikatuko du saioa. Goierrin, beste bi ikastetxerekin ere hartu-emanean dira, eta Goierri garaiko eskola guztietan egingo dituzte saioak.
Indarkeria matxistaren kasuan, haurrei “bi tresna” ematea da kanpainaren helburua: tratu onak, eta enpatia. “Laguntza eskatzeko aukera dutela ikusarazi nahi diegu, edozein indarkeria kasuren aurrean. Hezkuntzan lan hau egitea garrantzitsua da. Etorkizuneko apustua izan behar du, hurrengo belaunaldiei begira. Informazioa jasotzen dute, baina tresnak ere behar dituzte, zer egin dezaketen eta zer portaera hartu jakiteko. Ezberdintasunei nola aurre egin, eta jarrerak aldatzeko aukerak eman”, azaldu du Elgarrestak.
Irailean hasi zuen aldundiak ‘Denok Zu’ kanpaina, eta 40 ikastetxetara iritsiko da, azaroaren 25aren aurretik. Berritzeguneen bidez, bestetik, ikastetxe guztiei helaraziko die hezkidetza saioaren berri, bakoitzak bere eskolan lan dezan. Gurasoekin ere jorratu nahi dute, bai umeek eurek etxean partekatuta, bai aita-amak eskolara joanda.
Datorren urtean ere segimena izango du. Estereotipoak eta rolak landuko dituzte: gizartean emakumeek eta gizonek betetzen dituzten rolak aztertu, zalantzan jarri, eta bestelako paper batzuk izan behar dutela planteatu.