Iruñeako gertakarietako irudia. / Ahotsa.info
Pasa den martxoan Iruñean izandako istiluen harira epaitutako 12 lagunek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur, Carmen Lamela epailearen aurrean. Desordena publikoa leporatuta, hamabina urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte haientzat. 12 epaituetatik 3 goierritarrak dira; 12:30ean atera dira auzitegitik, eta denak ere kargupean aske utzi dituzte, epaiaren zain. Atarian, hainbat herritarren babesa jaso dute. Gaur deklaratu duten 12 auzipetuez gainera, adin txikiko beste bost lagun ere deitu dituzte; horien kasuan, adingabekoen zentroetara joango lirateke. Beste lau gazte, denak Errenteria-Oreretakoak, gertakarien harira atxilotu zituzten, eta espetxean daude geroztik.
Ikasle Abertzaleak taldeak, “elkartasuna” adierazi die auzipetuei. «Kapitalismoa suntsituz, 21ak aske! Ikasleok zuekin gaude!» mezua zabaldu dute sare sozialetan.
Bere aldetik, Eleak mugimenduak «gazte hauek deklaratzera deitu izana, Estatuak duen epaiketa politikoekin jarraitzeko erabakia» agerian uzten duela salatu du, eta «salbuspen epaitegiak, legedi antiterroristak eta inkomunikazioak» ordenamentdu juridikotik desagertu behar dutela azaldu du.
Sortuk ere «salbuespen legediek eta politikek indarrean» jarraitzen dutela eta «aurreko ziklo politikoa betikotzeko Estatuak duen interesa» salatu du. Horrez gain, auzipetuak “kargurik gabe aske” uzteko eta auzibidea Iruñeko epaitegietara itzultzeko eskatu dute.
Asanblada Beasainen eta elkarretaratzea Idiazabalen
Epaiketaren eta epaituen egoeraren berri emateko, asanblada informatiboa egingo dute gaur Beasainen; Zubimuzu plazan izango da, 19:00etan. Bestalde, Idiazabalen “Estatuaren errepresioa salatzeko eta elkartasuna adierazteko” elkarretaratzea egingo dute plazan, 19:00tan.