‘Lan duina, bizi duina’ lelopean, prekarietatearen aurkako aldarrikapenak egingo dituzte auto karabanarekin. Arratsaldean, Info Gunea jarriko dute Urretxun eta Zumarragan.
LAB sindikatuko ordezkariak prentsa agerraldia egin dute gaur Beasainen, Ekimen Ibiltaria aurkezteko.
Lan duina, bizi duina goiburupean prekarietatearen aurkako Ekimen Ibiltaria egitasmoa ari da egiten LAB sindikatua. Urriaren 16an Iruñean hasi eta abenduaren 6ra Durangora iritsi bitartean, herriz herri eta eskualdez eskualde ibiliko dira «bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko garaia» dela aldarrikatzeko. Goierrira azaroaren 9an iritsiko da Ekimen Ibiltariaren furgoneta.
Goierriko LABeko kideek gaur prentsaurrean adierazi dutenez, «bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitzaren sostengarritasuna, bizitza duinerako eskubidea, erdigunean jarri behar dugu. Kapitala eta merkatuak erdigunean kokatzetik, bizitza erdigunean jartzera pasatu behar dugu, eta horrek lan guztien aitortza eta defentsa egitea dakar, guzti-guztiena». Honela, «langile klasea bere osotasunean kontuan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo horiei guztiei eskaintza bat egitea» dute helburua, «irtenbideak eskaintzea».
Auto karabana hilaren 9an
Goierriko prekarietatearen aurpegi desberdinak erakutsiko eta ezagutuko dituzte hilaren 9an, sektore desberdinetako enpresetan geldialdiak eginez. «Batzuetan irekiak ditugun borrokak hauspotzeko, sugarra pizteko baliatuko dugu ekimena; bestetan, egindako borroka goraipatzeko, eredu bilakatzeko, egindako lana txalotzeko». Eta azkenik, «borrokarako zailtasunak dituzten langile guneetara ekintza zuzena eramateko, salaketa sindikatuak guk geuk gure gain hartuz».
Esparru desberdinak
Beasaingo Seaska haur eskolatik hasiko dute auto karabana. «Greba eguna izango dute eta eskuorri banaketa egingo dugu». Arcelor Mittalen ordu extrak salatzeko ekimena egingo dute eta Carrefourren, hitzarmen estatalen eta prekarietatearen salaketak. Arratsaldean, 17:30ean, Info Gunea irekiko dute Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan. 18:00etan, Altxorraren bila jokoa egingo dute, herriko gune ezberdinetan. Jolasaren bidez «prekarietatea modu zabal batean salatuko» dute. Amaieran, «LABen logo handi bat osatuko dugu. LAB izango da prekarietatik ateratzeko altxorra».
Azaroaren 9ko egitaraua:
- 09:00. Beasaingo Seaska haur eskolan.
- 09:30-10:00. Olaberriako Arcelor Mittalen.
- 10:30-11:00. Olaberriako Carrefourren.
- 11:15-11:45. Sasietan, Beasainen.
- 12:00-12:15. Zumarragako Goiz Ikuztegian.
- 12:30-13:00. Zumarragako Ospitalean, Osakidetzan.
- 17:30. Urretxuko eta Zumarragan Info gunearen irekiera.