Mendiari buruzko ikus-entzunezkoa da, 2014etik eskaini du eta oraingoan "borobildu" duela dio Casadok
Aitor Casado argazkilari legazpiarrak Mendian Gora ikus-entzunezkoa emango du Brinkolako saloian etzi, 20:00etan. Ñabardura egin dio Casadok argazki bildumaren emanaldiaren tituluari eta Mendian Gora 3.0 dela esan du.
2014an aurkeztu zuen lehen aldiz titulu bereko ikus-entzunezkoa eta etzikoa hirugarren emanaldia da Donostian ere eskaini zuelako 2015ean. «Emanaldi bakoitzean aldaketak egin ditut, aldaketa dezente». Etzi emango duen aleari, esaterako, minutuak gehitu dizkio eta 35 minutukoa egin ordez, 39ko ikus-entzunezkoa emango du. Egiturari dagokionez berbera izango dela dio, «baina argazki asko gehitu ditut, 400 dira guztira eta hain onak ez zirenak kendu ditut».
Lanaren gaia mendia da
Brinkolan aurkeztuko duen lanaren gaia mendia da eta erakutsiko dituen argazkietan mendiak bildu ditzakeen irudiak hartzen ditu, hala nola: egunsentia, ilunabarrak, lainoa, basoa, animaliak, landareak, elurra, ura itsasoa eta abar. Euskal Herriko eta Legazpiko bazterrez gain, Pirinioak, Asturias, Gaztela,Balear Uharteak, Islandia, Bulgaria eta abar. Aurreko bi emanaldiek kritika «oso onak» jaso zituztela esan du Casadok, «orain emaitza borobilagoa delakoan nago».