Gaixotasun larriak dituzten presoen alde giza katea egingo dute Itsasondon
Sare mugimenduak deituta, giza katea egingo dute igandean Itsasondon, gaixotasun larriak dituzten presoen egoera salatu eta etxera ekari ditzatela eskatzeko. Bereziki gogoan izango dituzte joan den astean bihotzekoa izan zuen Mikel Otegi itsasondoarra eta “muturreko egoeran” dagoen Ibon Iparragirre ondarrutarra. Katea 12:30ean osatuko dute, Itsasondoko udaletxe aurrean. Helburu berarekin, hilaren 11n Basaurin egingo dute bigarren giza kate bat.
Otegik joan den asteko asteazkenean izan zuen bihotzekoa, Toledoko espetxean zegoela. Handik Virgen de la Salud ospitalera eraman zuten. Ebakuntza kirurgiko baten bidez stent bat jarri zioten bihotzean; haseran senideei bizpahiru egun medikuen zaintzapean pasa beharko zituela esan bazieten ere, 48 orduren buruan bueltatu zuten espetxera. Geroztik berriz ingresatu behar izan dute, baina une honetan berriz ere espetxean dagoela azaldu dute bere ingurukoek.