Jon Ander Intsausti Euskadi Fundazioan ariko da
Jon Ander Intsausti txirrindulari mutiloarrak “ilusioz” hartu du Euskadi Fundazioan aritzeko proposamena. Urtebete Bahrain Merida taldean egin eta gero, etxera itzuliko da berriz, Mikel Landaren taldean aritzeko. Continental mailako taldean “erreferentzia” nagusietako bat izango da Intsausti.
Bi urtez Euskadi-Murias taldean aritu eta gero, Bahrain Merida talderako jauzia egin zuen iaz, baina denboraldia ez zen berak espero bezain ona izan. Intsaustik azaldu duenez, “egoera delikatua” zen berarentzat, eta txirrindularitzan jarraitzea “oso zaila” ikusten zuen. Horregatik, Mikel Landak pertsonaldi deitu izanak ezustean harrapatu zuen. “Gauza gutxik egin didate halako ilusioa nire bizitzan. Ez nuen espero, eta euforia sentitu nuen”. Dei horri esker, “txirrindularitzarekin nekatuta” egotetik “lanera bueltatzeko inoiz baino gustorago” egotera pasa dela dio mutiloarrak.
Mikel Landak gidatutako Euskadi Fundazioak 12 txirrindulariko taldea osatu du pelotoi profesionalera itzuliko den urtean. Intsaustiz gain, Iker Azkarate lazkaotarra ere ariko da taldean. Horiekin batera, Egoitz Fernandez, Ricardo Garcia, Peio Goikoetxea, Txomin Juaristi, Antonio Lopez-Cozar, Mikel Alonso, Ibai Azurmendi. Marc Buades, Diego Lopez eta Gotzon Martin txirrindulariek osatuko dute hamabikoa.