Bi munduren arteko zubia mito-ipuinekin lotuko du 'Jentilen etorrera'-k, bihar
Bi urtean behingo antzezpen bikoitza egingo du Jentilbaratza elkarteak, Auzoeta kiroldegian. Jentilei eta sorginei harrera egingo diete, ilunbistan. Ur falta eta maruak dira aurtengo gaiak
Gizateriaren historian ehunka, ziurrenik milaka urte atzera eginda dute sustraia mitoek. Kristautasunaren aurreko garai ez idatziaren printzak dira, zenbait adituren ustez. Baina, paradoxa, aktualitate gordinarekin ezin hobeto ezkontzen da mitologiaren oinarria. Urteak igaro bai, baina denbora bat eta bera dela iradokitzen dute.
Herritarren «inguruarekiko interpretazioa» da mitologia. Herriaren sinesmenek, ipuinek eta elezaharrek gorpuzten dute. «Erabat sinetsita batzuetan, entretenigarri beste batzuetan. Gure aitona-amonek eta gura-soek azaltzen zizkiguten istorio eta ipuin harrigarriak gaur egun ia batere ez dira ezagutzen. Mundu magiko hura desagertzear dago, eta guk eutsi egin nahi diogu; edota, gutxienez, ondorengoei behintzat ezagutarazi», diote Jentilbaratza elkartekoek.
Jentilen etorrera bi urtean behingo antzerkia bihar izango da, Ataun San Martinen. Udaletxe aurrean hasiko da ikuskizuna, iluntzean. Menditik jaitsiko dira jentilak eta sorginak, erreka-zulotik aterako lamiak. Kristauek egingo diete harrera, 18:15ean, udaletxe parean.
Antzezpen berriak
Ondoren, desfilean Auzoeta kiroldegiraino joanda, bi antzerki saio egingo dituzte 150 bat aktore herritarrek: 19:00etan eta 21:00etan. Sarrerak eskuratzeko modu bakarra geratzen da: erdiak bihar 16:00etan jarriko dituzte eskuragarri (doan dira), San Martingo plazan eta, geratzen badira, kiroldegian. Beste erdiak aurrez banatu dituzte webgunearen bidez (bi saioetarako jarritakoak agortu dira).
Aldiro, Ataungo istorio edo kondaira zaharren zerrenda aberatsetik, berriak aukeratzen saiatzen dira. Aurtengo antzerkian bi istorio nahasiko dituzte: bat, ur falta herrian eta mendian, eta horrek sortu dituen arazoak. Bestalde, maruak agertuko dira, mitologiako beste pertsonaia batzuk; gatazka bat izango da.
Bukaeran, Jentilen akabera istorioa antzeztuko dute. Jentilen etorrera-ren 25. urteurrenean, 2005ean, antzeztu zuten azkeneko aldiz. Kixmiren etorrerarekin, jentilak mendietatik desagertu zireneko pasartea kontatzen du antzezpen horrek.
Ordubete pasa iraungo du Jentilen etorrera antzerkiak. 1981ean hasi zuten ataundarrek.
Bi antzezpenetako sarrerak batuta, guztira 1.600 bat lagunek ikusiko dute. «Orain dela bi urte 1.200-1.300 ikusle izan ziren. Modan dago, eta jendeak asko segitzen du mitologiaren arloa. Umeentzat ere erakargarria delako edo, ume txikiekin familia asko joaten dira», azaladu du Jentilbaratzako kide eta antolatzaile Santi Etxeberriak.
Bi munduren arteko lotura
Joxe Migel Barandiaranek —eta beste hainbatek— Ataunen bildutako mitologian bi mundu «zeharo desberdin» agertzen dira: «Jentilen eta kristauen arteko harremanak, ezin konponduak, elkarren beharra, ohitura aldaketak, erlijio eta sinesmen desberdinak…» .
Jentilak mendi-goi, harpe eta kobazuloetan bizi ziren, beraien sinesmenekin eta ohiturekin. Kristauak bailara sakonetan jarri ziren, fede berria jarraituz. «Lehena eta oraina. Joan eta geroa aurrez aurre». Gaur egun ere, edonon suma daitekeen mitoa.
Jentilen etorrera · Eguna. Bihar, larunbata. · Ordua. 18:15, harrera udaletxe aurrean, eta desfilea. Antzerkiak: bi saio izango dira, 19:00 eta 21:00, Auzoetan. · Sarrera. Doan dira, baina txartela behar da. Bihar 16:00etan jarriko dituzte eskuragarri erdiak, plazan eta frontoian (webguneko beste erdiak agortu dira).
Martinez de Lezea hizlari Mitoaldian, eta lehiaketak
‘Jentilen etorrera’ girotzeko, aurten lehenengo aldiz Mitoaldia egitarauarekin hornitu dute astea Ataunen. Gaur, 19:00etan, Toti Martinez de Lezea idazle arabarrak ‘Mitologiaren bidezidorretatik’ hitzaldia egingo du, Barandiaran Museoan. Doan da sarrera, baina aurrez erreserba eginda.
Jentilbaratza elkarteak, bere aldetik, haurrentzat III. Jentilen Baratza ipuin eta marrazki lehiaketak ere egingo ditu. Marrazketa saioa gaur 16:00etan egingo dute, eskolan. LHko Ataungo ikasleek parte har dezakete. Ipuinak ere bildu dituzte. Sariak San Martin jaietan banatuko dira.













