Gernika pasealekuko pilotalekuan egingo dute odolki lehiaketa. Pintxoak euro batean dastatu ahal izango dira. Bertako produktuen azoka Erauskin plaza parean egingo da
Odolkiaren aitzakian, Beasainen egun handia izango da biharkoa. Beasaingo Odolkiaren kofradiak antolatuta, 33. Odolki-dastaketa eta lehiaketa famatua jokatuko da Gernika pasealekuko pilotalekuan. Bertan erabakiko da nor izango den aurtengo Beasaingo Odolkiaren erregea edo erregina. Bestalde, lagun taldeek, babarrun janak egiteko aprobetxatzen dute, herriko jatetxeek ere menu bereziak eskaintzen dituzte babarrunak eta odolkia lagun dutela.
Odolki lehiaketari dagokionean, gaur, 16:00etatik 21:00etara bitartean eraman beharko dituzte harakinek lehiaketan aurkeztuko dituzten odolkiak Beasaingo Bareak elkartera (Oriamendi kalea, 14). Kofradiako Martin Urkiolak adierazi duenez, garai horretan Beasainera etortzerik ez dutenek, 629 272 200 telefono zenbakira deitu eta odolki bila joango dira antolatzaileak.
Derrigorrezkoa da lehiaketara hamalauna odolki aurkeztea. Iaz hamabi odolkigilek parte hartu zuten lehiaketan eta Urkiolaren ustez, aurten gehiago ere izan daitezke, «jendea deika ibili da eta».
Erabakia 32 epailek hartuko dute, 11:30ean hasita, lau laguneko 8 mahaietan banatuta. Pilotalekuaren atzealdeko karpan egositako odolkiak dastatuko dituzte banan banan. Hainbat sukaldarik osatuko dute epaimahaia, eta aurten, bi herritarrek ere izango dute epaimahaikide izateko ohorea. Urkiolak zehaztu duenez, urriaren 7ko odolki dastaketa gidatuan parte hartu zuten 22 lagun prest zeuden epaimahai ofizialean parte hartzeko. Zozketa egin eta bi lagunek izango dute lehiaketa ofizialean parte hartzeko aukera. 13:00etan jakingo da aurtengo irabazlea nor den. Iazko lehiaketa, Olano harategiak irabazi zuen.
Lehiaketak irauten duen bitartean, odolki pintxoak ardoarekin eta sagardoarekin dastatzeko aukera izango da, euro batean, Odolki Kofradiak pilo- talekuan jarriko duen tabernan. 200 kilo odolki prestatuko dituzte antolatzaileek. Odolki lehiaketara aurkeztutako odolkiak hain zuzen ere.
Pintxo lehiaketa
Haurrak ere protagonistak izango dira bihar, haurrei ere odolkia gerturatzeko helburuarekin. Odolkiarekin egindako pintxo lehiaketa antolatu dute, 10-15 urte bitartekoentzat. Momentuz zazpi taldek edo lagunek eman dute izena, eta Erauskin plaza parean egongo den karpara eraman beharko dituzte pintxoak 10:30erako.
Iban Mate beasaindar sukaldaria eta Basque Culinary Centerreko Imanol Zubelzu izango dira epaileak. Pintxoaren zaporea, sormena eta aurkezpena baloratuko dituzte. Sari banaketa ekitaldia 12:45ean egingo da, Gernika pasealekuko pilotalekuko oholtzan. Hiru sari banatuko dituzte.
Larunbateko azoka
Odolkiak dastatzearekin batera, odolkiak eta beste hainbat produktu erosteko aukera izango da bihar 10:00etatik aurrera. 40 postu jarriko dituzte guztira: odolkiak, onddoak, sagarra, kontserbak, baratxuriak, arroza, eztia, gazta…
Aurten, gainera, hilabeteko lehenengo larunbateko bertako produktuen azokak bat egingo du Beasaingo egun handiarekin, eta Gernika pasealekuan, Erauskin plaza parean jarriko dituzte postuak. Ekintza bereziak ere egingo dituzte; besteak beste, kandelak egitea eta zura lantzea.