Goizean 10:00etan irekiko dute azoka, guztira 25-30 posturekin. Odolkiak egin eta txerria burruntzian erreko dute. Herri bazkaria ere antolatu dute pilotalekuan
Hamar urte dira dagoeneko Mutiloan Txerri Azoka antolatzen hasi zirela. Mutiloarrak ezizenez
txerri gorriak izanda, txerriari omenaldia egitea erabaki zuten azaroko lehenengo igandean. Horretarako zer hoberik, txerriak ematen duen guztiaz gozatzea baino. Hamargarren azoka izango da aurtengoa eta dena prest dute Mutiloan; beste behin ere jendetza elkartuko da txerriaren aitzakian.
Goizean goizetik, txerriarekin zerikusia duten ekintzak antolatu dituzte. 10:00etan irekiko dute azoka; guztira 25-30 txerriki postu jarriko dituzte, jatorri ezberdinetako ekoizleena, kultura bakoitzeko ohituretan oinarritutakoak. Hainbat arrazatako txerriak bertatik bertara ikusteko aukera ere izango da.
Txerrikia aukeran
Txerria burruntzian erretzen jarriko dute azoka irekitzearekin batera, 12:00etatik aurrera pintxoak (2 euroan) dastatu ahal izateko. Jatekoari dagokionean, odolki eta txorizo dastaketak ere egingo dituzte. Urdaiazpikoa ere produktu preziatua izaten da, eta gozamen bikoitza eskainiko dute: urdaiazpikoa moztearen artea ikustea, eta ondoren, dastatzea.
Ohi bezala, odolkiak egiten ere ariko dira pilotalekuan bertan hiru emakume mutiloar: Juanita Murgiondo, Juanita Aranburu eta Resu Olaetxea.
Haurrentzako ere hainbat jarduera antolatu dituzte, ludotekan: jolasak, eskulanak….
Bazkariko txartelak salgai
Bazkaltzeko aukera ere izango da pilotalekuan bertan antolatutako herri bazkarian: babarrunak bere sakramentuekin, postrea eta kafea. Haurrentzako menua, ere prestatuko dute: xo- lomoa patatekin eta postrea. Txartelak udaletxean erosi behar dira, helduek 15 euro ordainduta eta haurrek 6 euro.