Antzerki foruma eta Memoriaren Eguna, bizikidetza taldearen eskutik
Ehun beasaindarrek atxikimendua adierazi diote Herritarren Bizikidetza taldeari. 36ko gerrako monumentua eta Barandiaran parkeko oroigarria lotuko dituzte
Herritarren arteko elkarbizitza hobea eraikitzeko helburuarekin sortu den Beasaingo Herritarren Bizikidetza taldeak, adin, bizipen eta ideologia desberdinetako 100 beasaindarren atxikimendua jaso du. Pasa den astean atera zuten elkarrekin argazkia herriko plazako kioskoaren inguruan. Era horretan, bat egin dute azaroan Elkarbizitza Eraikiz egitarauarekin, eta beasaindar guztiak gonbidatu nahi dituzte ekitaldietan parte hartzera.
Gaur, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan izango da bizikidetza taldeak antolatutako bigarren ekitaldia: Eta hik zer? antzerki foruma. «Ezagunak egingo zaizkigun elkarbizitzaren haustura azaltzen duten antzezlanetatik abiatuta, publikoak ikusitakoaz hausnartu eta antzezlana aldatzeko aukera» izango dute parte hartzaileek.
Ostiralean, berriz, Memoriaren Egunean, ekitaldi bikoitza prestatu dute. Ekitaldiaren lehenengo zatia, Igartzako jauregian egingo dute, 17:30ean: Abarlotz Olanoren kantuekin eta Ekaitz Goikoetxearen bertso-jarri musikatuekin. Goikoetxearen esanetan, «nire bertso ibilian, nola bat-batean hala bertso idatzien bidez, beti saiatu izan naiz giza eskubideen urraketa oro salatu eta elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko nire ekarpentxoak egiten. Eta ostiralerako 2000 eta 2002. urteetan idatzi eta sarituak izan ziren bi sorta kantatuko ditugu».
Bertso musikatuak
Batetik, 2000. urtean idatzitako Agur Imanol bertsoak kantatuko ditu. «Garai hartan, txikitatik oso maitea dudan Imanol Larzabal kantariak boikot mehatxu eta ETAren jazarpenaren aurrean, beste zenbait pentsalari eta irakaslerekin batera, Euskal Herritik urrundu behar izan zuen, eta egoera hark barruak irauli zizkidan. Bertso sortako protagonistei, Imanoli eta Mikeli, ez nien abizenik jarri, eta bertso sortak irakurketa ezberdinak izan zituen irakurlearen begirada eta pentsaeraren araberakoak». Bestetik, 2002an idatzitako Bihotzaren hegaldia bertso sorta abestuko du, lehenengo aldiz Basarri saria irabazi zuen bertso sorta: «Kopla bakoitzean hegazti bat ardatz hartuta, Euskal Herriko orduko arrakalak, liskarrak, ezinikusiak eta borrokak azaleratu nituen, politikoen gaitasun eza kukuaren diskurtso errepikakorraren bitartez, presoen askatasun eza jilgeroekin parekatuz, ETAren ekintzak putrearekin alderatuz, pentsaera ezberdineko herritarren ezinikusia zozoa eta belearengan haragituta… Min eta eskubide urraketa ezberdinen hegaldi moduko bat ondu nuen».
Azkenik, Abarlotz Olanok Hodei Galarraga bere zaldibiar lagunaren omenez sortu zuen kantua ere abestuko du. Jarraian, iritziak elkartrukatzeko modua izango da.
Monumentutik oroigarrira
Ostiraleko ekitaldiko bigarren zatian, 36ko gerra oroitzen duen monumentutik Barandiaran parkean jarrita dagoen oroigarrira bitarteko ibilaldia egingo dute. 19:00etan amaiera ekitaldia egingo dute.














