Irrintzi dantza taldeak argazki eta jantzi erakusketa ireki du Zelai Ariztin
Urretxu eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeak argazki erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean, taldearen 50. urteurrena dela eta. Garai eta ekitaldi ezberdinetako irudiak eta dantzari jantziak jarri dituzte ikusgai.
Argazki erakusketa 50. urteurreneko ekitaldien barruan antolatu dute. Azken ekitaldiak hil honetan izango dira. Larunbatean, San Martin egunean, erromeria egingo dute Zumarragako Aginaga auzoan. 18:30ean hasiko da eta afalostean ere dantza egiteko asmoa dute.
Autobus zerbitzua egongo da Aginagara joateko eta bertatik herrigunera itzultzeko. Igotzeko bi autobus egongo dira: 18:00etan eta 22:30ean. Autobusak Elizkaletik irtengo dira. Jaisteko beste bi autobus egongo dira: 21:30ean eta 02:30ean.
Urteurreneko azken ekitaldia hilaren 18an izango da. Egun horretarako bazkaria antolatu dute Zumarragako Etxeberri jatetxean. 130 lagun inguruk eman dute izena.
Irrintzi taldeak urte osoa darama 50. urteurrena ospatzen. Hilaren 11n Aginagan egingo duten erromeria bosgarrena izango da. Lehenengoa urtarrilean egin zuten Zumarragako Euskadi plazan, martxoan bi herrietako kaleetan dantza egin zuten, hirugarrena Eitza auzoko jaietan izan zen eta laugarrena geltokietako jaietan.
Bi jaialdi ere egin dituzte. Apirilean garai bateko eta egungo dantzariek parte hartu zuten. Taldeka banatu ziren eta bi herrietako kale eta plazetan dantza egin zuten.
Bigarren jaialdia uztailean izan zen. Antxiñako Ama txistulari taldearekin batera antolatu zuten. Izan ere, talde honek ere 50 urte bete ditu aurten. Dantzariek hainbat koreografia dantzatu zituzten, txistulariek lagunduta. Irailean, urtero bezala, Urretxuko Euskal Jaian parte hartu zuten.
Ekitaldi horiek guztiak antolatzeaz gain, Irrintzikoek ezpata-dantzari buruzko ipuina eta dokumentala argitaratu dituzte. Bi lan hauek Antxiñako Ama taldekoekin batera egin dituzte.













