Xalinko elkarteko zeramika egileek egindako piezen bilduma bat erakusgai jarriko dute gaur Legazpiko kultur etxeko erakusketa aretoan. Elkarteak hogei bat kide ditu egun.
Nafarroa kalean dago Xalinko zeramika elkartearen egoitza. Etxearen beheko solairuan egurrezko ate pisutsu bati bultza egin, eta egositako buztinaren usaina nonahi barreiatzen da. Labeak dituzte eta esmalteak egiteko hamaika hauts ere bai. 30 urte baino gehiago dira Legazpin zeramika egile talde bat la-nean ari dela. Egun, hogei-bat kide dira elkartean eta gaurtik azaroaren 24ra bitartean haien eskuetatik pasatako piezak ikusgai egongo dira kultur etxean.
Lanerako arropak jantzita daude Marisol Perez de Arenaza, Joaquin Lopez eta Emilio Palmero zeramika egileak. Hirurak elkarteko kideak dira. Perez de Arenazak etxean lan egin du beti eta haurrak txikiak zituenean tailerrera joaten zela gogoratu du: «Hona etortzeko ezin da presarekin ibili, baina orduan ere ateratzen nuen denbora». Lopezek Patrizio Etxeberriaren lantegian egin zuen lan eta Palmerok ere bai; bera Urretxun bizi da.
Hiruek partekatzen dute zeramikarekiko pasioa; «badauka lotzen zaituen zer edo zer», diote aho batez jarraian bota duten ezaugarrien zerrenda egiteko: sormen lana da, estresa kentzen du, ez da zikina eta azalari on egiten dio, jarraipena egin behar zaio pieza bakoitzari…
Juan Mari Burguerak erakutsi zien. Eskultore legazpiarrak bidean jarri zituen eta bi urtean behin ikastaro bat egiten du. Behin ikastaro hori eginda, edonor batu daiteke elkartera. «Ulertzen dugu gazte jendearentzat ez izatea oso erraza, denbora behar delako, baina gazteak nahi ditugu ideia berriak ekar ditzaten eta tailerrarekin jarraitu dezaten», dio Perez de Arenazak. Gogoratu nahi dute, gainera, elkarteko kide izateko kuota oso txikia dela, 24 euro ordaintzen dituzte urtean eta tailerrera egunero joan daitezke; bertako materialak ere prezio berean sartuta daude.
Zeramikagileek badute alkimistatik. Izan ere, apaletan gordeta dituzten hauts guztiekin esperimentu ugari egin dituzte jada haiei eskua hartu, eta esmalte egokiak aurkitzeko. Elkar laguntzen dute, baita ondokoaren jakintza erabili ere. Lanak banatzen dituzte eta, esaterako, Palmero da labeetan piezak sartzen dituena; dena dela, bera ez badago beste edonork egin dezake. Bi arau baino ez daude tailerrean: labean sartu aurretik ezin dira piezak ukitu eta piezak saltzea debekatuta dago.