Mendiko lasterketen Goierri Kopa Trail 6 lasterketek osatzen dute. Urtarrilaren 21ean Garinen hasi eta, irailaren 9an Idiazabalen bukatuko da. Emakumezkoen parte hartzea bultzatu nahi dute
III. Goierri Kopa Trailaren aurkezpena.
Beasaingo kiroldegian aurkeztu dute III. Goierri Kopa Trail. Logotipo berriarekin, aurten ere sei mendiko lasterketek osatuko dute liga. Urtarrilaren 21ean Garingo lasterketa jokatuko da, otsailaren 25aen UZ trail, martxoaren 17an Arriarangoa, apirilaren 14an Gabiriakoa, maiatzaren 5ean Segura-Zeraingoa, eta irailaren 9an Idiazabalgoa. Urretxu-Zumarragako UZ trailaren data maiatzetik otsailera aldatuta, hilean lasterketa bat izango da. Ohi bezala, proba luzeak (trail) eta motzak (sprint) izango dira, eta proba bakoitzeko irabazleez gain, lasterketa guztietako puntuak batuta, Goierri Kopako irabazleak ere egongo dira.
2017an 1.407 korrikalarik bukatu dituzte sei lasterketak; horietatik 147 emakumezkoak izan dira. Hain zuzen ere, 2018rako, emakumezkoen parte hartzea bultzatzea jarri dute erronka nagusitzat. Honela, lasterketa bakoitzaren aurretik, bizpahiru aste lehenago, entrenamenduak eta ibilbidea ezagutzeko hitzorduak jarriko dituzte.
Hain zuzen ere, hirugarren edizioaren aurkezpenean, hiru emakumezko korrikalari izan dira protagonista. 2017ko trail irabazi duen Elena Calvillok eta bigarren egin duen Itziar Anduezak, eta sprint modalitatea irabazi due Nerea Losadak dei egin zien emakumezkoei, mendian korrika egiten hastera. «Oso lasterketa eta ibilbide politak dira, kirola eta natura gustuko izanez gero, aproposak. Gainera guztietan ez dago parte hartu beharrik», adierazi zuten. Lasterketa amaieran antolatzaileek prestatzen dituzten luntxetan sortzen den giroa nabarmendu zuten.
III. Goierri Kopa Trail
- Urtarrilaren 21ean. Garinen (Beasain). 11 kilometro.
- Otsailaren 25ean. Urretxu-Zumarragan, UZ trail. 22 eta 11 kilometro.
- Martxoaren 17an. Arriaranen (Beasain), 23 eta 11 kilometro.
- Apirilaren 14an. Gabirian, Leharrei lasterketa, 24 kilometro.
- Maiatzaren 5ean. Seguran eta Zerainen, Sanson proba. 25 eta 15 kilometro.
- Irailaren 9an. Idiazabalen, Axari Trail, 25 eta 15,5 kilometro.