Baratze berezi baten istorioa
Baratzeek ere hitz egiten dute. Zaintzen dituztenen nolakotasunaz mintzo dira, baita haien jatorriaz ere. Ormaiztegin hogei herri baratze daude, eta horietatik bi Mohamed ...
Baratzeek ere hitz egiten dute. Zaintzen dituztenen nolakotasunaz mintzo dira, baita haien jatorriaz ere. Ormaiztegin hogei herri baratze daude, eta horietatik bi Mohamed Regragui eta Mohamed Bradaren eskuek zaintzen dituzte. Hasieran baratze bakarra zuten, baina txiki geratu zitzaien, batez ere, biak ala biak gustura asko zebiltzalako baratze lanetan.
Antonio beste baratze baten zaindariaren goldea eskuetan, euren lur sailak haziak botatzeko prestatzen ari ziren bi Mohamed urriaren amaieran. Biak Madrildik iritsi ziren Ormaiztegira. «Madrilen lan faltan geundenez, Euskal Herrira etortzea erabaki genuenean», dio Bradak. Bera hiru urte zituela iritsi zen Espainiar estatura eta Madrilgo doinuz jositako gazteleraz ari da. Brada eta Regragui elkarrekin iritsi ziren Ormaiztegira. Regragui Marokon baratze lanetan ibilia da; Brada, berriz, sekula ez da orain arte baratze batean aritu; «Madrilen ez dago halakorik».
Baratzean ibiltzeak Ormaiztegiko gizartearekin bat egiteko aukera eman die: «Baratzezainok bata bestearengandik ikasten dugu eta gailuak uzten dizkiogu elkarri».
Aisialdia baratzean
Marokoarren baratzean ezinbestekoa dira mendafina eta aneta sortak. Mendafina udako teak egiteko ezinbestekoa dute, neguan aneta erabiltzen dute gehiago. Getozka ere landatzen dute eta ondokoei zeinen ona den esaten diete haiek ere landa dezaten. «Entsaladan eta purean jaten dugu eta osasungarria da oso», dio Bradak.
Bertako klimara egokitutako barazkiak landatzen dituzte, azaro erdian ilarrak eta babak sartuko dituzte udaberrian jasotzeko: «Gure plateretan ohikoak dira barazkiak eta erabiltzen ditugunak antzekoak dira. Marokon barazki asko jaten ditugu, izan ere, han haragi gorria aberatsek baino ezin dute jan, hemen baino askoz ere garestiagoa delako», dio Regraguik.
Orain hiru urte iritsi ziren Ormaiztegira. Lana aurkitu zuten, Regreguik aurrena, Bradak ondoren. Bi urte dira baratzean hasi zirela. Aisialdiko ordu asko egin dituzte bertan eta herriko bizimodura ohitzeko lagungarri egin zaiela diote, «entretenitzeko balio digu, lantzen dugun etik elikatzeko ere bai eta, jakina, jendea ezagutzeko».