«Mikrofonoaren aurrean esertzen naizenean, nire saltsan nago»
Gaztea bada ere, oso garbi dauka Ioar Aizpuruak (Ataun, 2001) etorkizunean kazetaritzaren munduan lan egin nahi duela. MIkrofono artean ibilia da txikitatik ...
Gaztea bada ere, oso garbi dauka Ioar Aizpuruak (Ataun, 2001) etorkizunean kazetaritzaren munduan lan egin nahi duela. MIkrofono artean ibilia da txikitatik eskolako irratian eta orain dela bost urte, Ataun Irratia jarri zuen abian, Internet bidez.
Ataun irratia noiz eta nolatan sortu zenuen?
Eskolan irratia dugu eta txikitatik aritu izan naiz bertan. Ostiralero saioa egiten genuen. Nire burua gustura sentitzen nuen Hurrengo saioa noiz iritsiko irrikaz egoten nintzen.
Bestalde, Gaztea irratia asko entzuten nuen. Asko gustatzen zait egiten duten irrati mota; saio arinak, dibertigarriak eta musika.
Denborarekin nik neuk irrati propioa izateko ideia etorri zitzaidan burura. Nola egin nezakeen informatzen egon nintzen, eta gaur egun Internetek ematen duen aukera deskrubritu nuen, eta baita egin ere. Martxoan 5 urte beteko dira Ataun Irratia sortu nuela.
Zaila al da horrelako proiektu bat martxan jartzea eta zer da behar dena?
Interneteko webgune baten bidez emititzen dut, hortaz, lehenik eta behin bertan erregistratu behar izan nuen. Modu horretan egin nuen eta harrezkero, etxetik, ordenagailuaren bidez emititzen dut saioa. Horrez gain, nahasteko mahaia eta mikrofonoa ditut. Gauza horiekin, irrati bat izan dezake edozeinek.
24 orduko emisioa al da?
Bai noski! Egun osoan zehar musika mota desberdinak eta saio desberdinak entzun daitezke Ataun Irratia webgunean sartuta.
Aste honetan bertan saioa berri bat estreinatu duzu.
Asteartean estreinatu nuen, eta Ioar Aizpurua bazterrak nahasten du izena. Astearteez gain, ostegunetan eta igandeetan ere emitituko dut 13:00etatik 15:00etara.
Nolako saioa izango da?
Oraintxe moda-modan dauden pertsonaiak izango dira protagonista eta haien inguruan kuxkuxeoan arituko naiz. Horrez gain, musikan estreinatu berri diren kantuek ere beraien tartea izango dute. Bazkaltzerako orduan entzuteko eta dibertitzeko saioa da.
Oraindik gaztea bazara ere, zer ikasi nahi duzun erabakitzen hasteko unea ere baduzu.
Oso garbi daukat, kazetaritza ikasketak egingo ditut. Irrati mundua gertutik ezagutzeko aukera izan dut urteotan eta horretan jarraitu nahiko nuke etorkizunean ere.
Eta irratia ez den beste komunikabide batean ikusten al duzu zure burua?
Telebista ere gustuko dut baina aukeran nahiago dut irratia. Mikrofonoaren aurrean esertzen naizenean nire saltsan nago eta asko disfrutatzen dut.