Fronte hotza dator arratsalderako, eta Gipuzkoako barrualdean abisu horia eman dute, hotza eta elurragatik
Azaroaren 7-8an egin zituen lehen elurrak Goierrin. Irudian, Aizkorri zurituta.
Hotza eta elurra, negu giro betea dator. Hala ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Gaur arratsaldetik aurrera, polotik datorren frente hotza iritsiko da Euskal Herrira, eta hotzaz gain elurra ere ekarriko du berekin, eta abisu horia eman dute gaur eguerditik ostegun gauerdira arte.
Goizetik nabaritu da hotzaren eragina, baina iluntze partean hasiko da aldaketa. Prezipitazioak hasiko dira, eta 1.000-1.100 metro inguruan elurra egin dezake. Gauean izotz arriskua izango dela ere ohartarazi dute. Bihar berriz, elur mailak behera egingo du, eta 600-700 metroko mailan koka daiteke goizean; arratsaldean gora egingo du, 800-900 metrora, baina iluntzetik aurrera jaitsi egingo da atzera. Tenperaturari dagokionean, maximak 5 eta 10 gradu artean ibiliko dira.