San Martin auzoko bizilagun eskuzabalak
Elkarteetako kideek boluntario falta dagoela diote. Boluntario gutxi daude, baina dauden horiek primerakoak dira. Nabarmen gelditu zen atzo Urretxuko kultur etxean. Bertan, San Martin eguneko festa antolatzen dutenek zozketako urdaiazpikoak
Elkarteetako kideek boluntario falta dagoela diote. Boluntario gutxi daude, baina dauden horiek primerakoak dira. Nabarmen gelditu zen atzo Urretxuko kultur etxean. Bertan, San Martin eguneko festa antolatzen dutenek zozketako urdaiazpikoak eta txartel salmenta bidez bildutako dirua eman zituzten. Urdaiazpikoak Kontxi Estalak eta Pedro Susaetak irabazi zituzten. Dirua, 636 euro, Elikagai Bankuari eman zioten. Elkarte honetako boluntarioek ere lan itzela egiten dute gizartearen alde.
San Martin eguneko festa 14 bat lagunen artean antolatzen dute. Duela 40 bat urte ekin zioten festa hau antolatzeari. Hasieran, auzoan ospatzen zuten. «Garai hartan udalak ez zuen laguntzen. Etxeetan egiten genituen tortillak, odolkiak… Ardoa Arbizuk oparitzen zigun. Jende gutxiagok parte hartzen zuen festan. 15 bat kilo odolki bakarrik prestatzen genituen».
Festa auzotik atera zutenean hazi zen. «Auzotik pilotalekura eraman genuen eta ondoren Gernikako Arbola plazara. Azken urteetan Iparragirre plazan egin dugu eta hemen jarraitzeko asmoa dugu», esan zuten.
Gazteek lekukoa hartzea nahi dute. «Gehienok 80 urtetik gorakoak gara eta ez dugu garai bateko sasoia. Gazteek poliki-poliki lekukoa hartzea behar dugu, baina ez da inor etortzen. Guk utziko bagenu, akabo festa», esan zuten Pablo Azkoitia, Gabino Agirrezabal, Maria Angeles Oiarbide eta Faustino Ruizek.
Elikagai Bankuaren izenean, berriz, Mikel Lizarraga eta Iñaki Kerejeta joan ziren. San Martin auzoko bizilagunen elkartasuna eskertu zuten. Ostiralean eta larunbatean urteroko bilketa erraldoia egingo dute. Bi egun horietan 50 bat lagunek lan egingo dute. Urtean zehar, berriz, lauzpabost lagun dira Urretxu eta Zumarragako 60 bat familiei janaria emateaz arduratzen direnak.