Bihar 18:00etan hasiko da partida Loinatz futbol zelaian. Ikusle guztiek ordaindu beharko dute.
Beasain taldea. Argazkia: Pello Ordoñez.
Bihar, 18:00etan, hasiko da Beasaingo Loinatz futbol zelaian asteburuan jokatuko den 3. Mailako partidarik interesgarriena: Beasain eta Portugalete taldeen artekoa. Etxeko taldeak, lidergoari eusteko asmoz, hirugarren sailkatuaren bisita jasoko du. Beasainek 31 puntu ditu eta bere atzetik daude Durangoko Kulturala 29 punturekin eta ondoren, Portugalete 27rekin. Beasain Kirol Elkarteak dioenez, “partida zeharo interesgarria” izango da, “play offetarako txartela eskuratzeko arerio zuzena” baitu Beasainek Portugalete. Lehen lau sailkatuek lortzen dute 2. B mailarako igotzeko play offetan jokatzeko aukera.
Partidak sortu duen ikusmina dela eta, zuzendaritza taldeak klubari laguntzeko eguna izendatu du biharko partida. Horregatik, guztiek ordaindu beharko dute sarrera. Prezioak ondorengoak dira: sarrera orokorra 15 euro, bazkide arruntak 10 euro, bazkide erretiratuek 6 euro eta erretiratuek 10 euro.
Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritzak beasaindar guztiak animatu nahi ditu partida ikustera joateko, “lidergoan dagoen gure taldea animatzera”.
Oroitzapen ona
Beasaindar zaletuek gainera, ondo gogoan dute Portugaleteren aurka Loinatz zelaian jokatutako azken partida. Joan den denboraldiko azkena izan zen eta laugarren postua zegoen jokoan. Beasainek 4-0 irabazi zion eta play offetako txartela lortu zuen.