Elurrak Goierriko hainbat herri eta mendate zuritu ditu
Iragarrita zegoen eta egin du. Elurrak Goierriko hainbat herri eta mendate gehienak zuritu ditu. Urretxun, Zumarragan eta Legazpin esaterako, gogotik bota du elurra 09:00etatik aurrera. Ataunen, Idiazabalen, Zegaman eta Gabirian ere, zuritu egin du hainbat tokitan.
Errepideetan ere izan du eragina elurrak, eta Etzegarate, Otzaurte eta Lizarrusti itxita daude. N-1 errepidean auto ilada luzeak sortu dira Gasteizko norantzan; une honetan, Itsasondoraino iristen dira. Zumarragako Ospitaleko aldapan ere arazoak izan dira. Ahal dela mendateak ekidin eta derrigorrezkoa ez bada, kotxerik ez hartzeko deia egin dute.
Euskalmet meteorologia agentziak bihar eguerdira arte emana du abisu horia, elurragatik. Une honetan, 100-300 metro artean dago kokatuta elur maila. Biharko ere, prezipitazioak espero dira, eta elur maila 200-400 metro artena egongo da.