Gobernuz kanpoko zazpi erakundeen lana babestu du Ordiziako Udalak
Ordiziako Udalak herrialde desberdinetan garapeneko proiektuak gauzatzeko laguntzak eman ditu. Horretara bideratutako diru kopurua 75.000 eurokoa da. Kopuru horri beste partida txiki bat gehituko zaio larrialdietarako izendatuta. Udal aurrekontuaren %1a da erakundeetara bideratzen dena.
Pasa den astelehenean udaletxean ospatutako ekitaldian honako erakunde eta proiketuei eman zaizkie; Medicus Mundik 11.498,30 euro jasoko ditu Sanand eskualdeko landa emakumeekin egiten ari den lana babesteko. Mugen Gainetik erakundearentzat 10.162,76 euro Guatemalan agroekologian oinarritutako etxalde eskola martxan jartzeko. Mundubat fundazioarentzat 11.506,17 euro emakumeen ahalduntzearen programarako. Nazioarteko Elkartasuna erakundearentzat beste 11.506,17 euro, genero indarkeria desgerrarazteko duen programarentzat. Euskal Herriko Serso San Viator erakundearentzat, 11.506,17 euro baita ere, Burkina Fason, nekazaritza eta abeltzaintza ikastaroak emateko. Bakerako lankidetza batzarrarentzat 9.031,89 euro, El Salvadorren emakumeekin egiten ari den lana babesteko eta azkenik, 9.788,54 euro Derandein erakundearentzat, Kenian haurrekin egiten ari den lana babesteko.