Goierri Gorriko jokalariak Ane Lopezen gola ospatzen, Añorgaren kontrako partidan // Argazkia: Javi Urola
Goierri Gorrik gozatzeko moduko garaipena lortu du asteburuan, Añorgari 5-0 irabazita. Etxean bolada bikaina izaten ari da Koldo Zalduaren taldea, hiru partidatan 16 gol egin baitituzte. Sailkapeneko zortzigarren postuan daude orain, 21 punturekin.
Partida hasterako albiste txarra jaso zuten Goierri Gorrikoek, lesio bat dela medio, hamaikakoa aldatu behar izan baitzuten. Hala ere, joko ona erakutsi zuten, eta hasieratik nagusi izan ziren. Aurreneko gola 18. minutuan egin zuen Ane Lopez legazpiarrak; berea izan zen bigarren gola ere, atsedenaldira joan aurretik.
Bigarren zatian ere, etxekoek eraman zuten partidaren erritmoa. Jokaldi eder baten ondoren hiugarrena sartu zuen Lopezek. Markagailuan aldea nabarmena bazen ere, etxekoak ez ziren erlaxatu, eta partida bukaut aurretik beste bi gol egin zituzten. Miren Arrondok falta jaurtiketa sareetara bota zuen 66. minutuan, eta 76.ean, Eider Mansok egin zuen gorrien bosgarrena.
Datorren asteburuan Bizkaia aldera joko dute Goierri Gorriko neskek; Barakaldon jokatuko dute larunbatean, Pauldarrak B taldearen kontra. Partida Serralta zelaian izango da, 18:00etan.