Saski solidarioa ekimena jarriko dute abian janari eta material bilketa egiteko Ordizian
Seigarren urtez Saski solidarioa ekimena jarriko da martxan egun hauetan Ordizian. Caritasek, Herriko ikastetxeek, Garagune zentroak, Zuhaizti gizarte zentroak eta Ordiziako Udalak elkarlanean garatzen dute ekimena, Ordizia Hiri Hezitzailea proiektuaren barruan. Belaunaldien arteko elkar ezagutzea eta baloren transmisioa dira Hiri hezitzailea proiektuaren helburuetako batzuk, eta ekimen honekin gazteek elkartasunaren balioa zer den lantzen eta ikasten dute. Gianera, kanpaina honekin behar gehien duten pertsonei laguntzeko elikagaiak eta bestelako materialak bilduko dira eta bildutako guztia, Caritasi emango zaio, urtean zehar beharra dutenen artean banatzeko. Abenduaren 22a bitarte egingo dute bilketa.
Lau bilketa puntu jarriko dira; Zuhaizti zentroa, Urdaneta institutua, Jakintza ikastola eta Oianguren institutua. Janariari dagokionez, kontserbak, olioa, esnea, arroza eta pasta dira gehien behar direnak. Horrez gain, haurrentzako esne berezia eta pardelak ere behar-beharrezkoak dira.
Materialei dagokienez, jostailuak, arropak eta haurrentzako karrotxoak eskatu dituzte bereziki. Baita etxeko arropak ere, mantak, maindireak eta bestelakoak.
Diru laguntzak egitea nahiago duten herritarrentzat, Laboral Kutxan kontu korrontea dute irekita eta lehiatilan galdetzea baino ez da egin behar.
Caritasen laguntza eskatu nahi dutenentzat, beharrezkoa izango da Gizarte Zerbitzuetan eskaera egitea eta bertan emandako dokumentua, Caritasen aurkeztu beharko dute. Caritasek, ostegunetan irekitzen ditu ateak 10:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 19:00etara. Diskrezioa nahi duten herritarrek telefonoz deitu dezakete.