Euskal Herriko eta Avilako txirrindularitza eskolen inguruan ariko dira txirrindulari ohi ugari. Ekitaldia Aspanogiren aldekoa da
Txirrindularitzaren inguruko ekitaldi berezia antolatu dute Beasainen asteazken honetarako. Euskal Herriko eta Avilako txirrindulari eskolen inguruko ikus-entzunezkoak eta mahai-ingurua izango dira Usurbe antzokian, txirrindularitza munduko hainbat izen ezagunen parte-hartzearekin. Ekitaldia, Loinaz Txirrindulari Elkartearen eta Beasaingo Udalaren laguntzaz antolatu dute, eta Aspanogi elkartearen aldekoa izango da.
Antolakuntza lanetan aritu den Patxi Intxaustik, ekitaldi honen oinarrian Avilan sortutako egitasmo bat dagoela azaldu du. “Proiektu zabal bat da, kirol arloko hiru dokumental biltzen dituena, bat futbolari buruzkoa, bestea emakumeen kirolaren ingurukoa eta azkena txirrindularitzari dagokiona. Proiektu honekin egin nahi izan dena da, kirola aprobetxatuz, kirolaren oinarrian dauden balore horiek transmititzea, esfortzuaren eta sakrifizioaren bidez lortzen diren helburuek satisfazio handiagoa ematen baitute”.
Asteazken arratsaldeko 19:00etan hasiko da ekitaldia, Usurbe antzokian. Saioa hiru zatitan banatuta dagoela azaldu du Intxaustik. Aurreneko zatian, bi ikus-entzunezko eskainiko dituzte, bata euskal txirrindularitzaren inguruan ETBk egindako erreportajea da. Eta bestea, Avilako txirrindularitzaren inguruan egindako
La escuela de 2 ruedas dokumentala. Ondoren, Abelino Arribas kirol psikologoak arrakasta lortzeko kirolak dituen baloreen inguruan hitz egingo du, eta Carla Rodriguez kirolari eta psikologoa emakumeek txirrindularitzan dituzten erronkez ariko da. Eta azkenik, txirrindularien mahai-ingurua; Avilako eta Euskal Herriko txirrindulari eskolen inguruan hitz egingo dute. Avilatik Julio Jimenez, Angel Arroyo eta David Navas etorriko dira; Euskal Herriko ordezkaritza berriz, Txomin Perurena, Abraham Olano eta Aimar Zubeldiak osatuko dute.
Aspanogiren alde
Txirrindularitzaz harago doan ekitaldia dela azaldu du Aitor Aldasoro alkateak eta “udalaren laguntza eta parte-hartzea hortik” datorrela. Izan ere, ekitaldia Aspanogi minbizia duten haurren guraso elkartearen aldekoa izango da, eta sarrera doakoa bada ere, bertan borondatezko laguntza emateko aukera izango da. Sentzibilizazio lan horrekin jarraituz, ekitaldiaren biharamunean ospitalean dauden umeei bisita egingo dietela azaldu du.