Urdanetako abesbatzak eta Emotio taldeak Gabon kontzertua egingo dute bihar
Urdanetako Ahotsak eta Ahots Txikiak abesbatzek eta Emotio taldeak Gabon kontzertua egingo dute bihar. Saioa 20:15ean izango da, Ordiziako parrokian. Kontzertuan bildutako dirua Izaki gobernuz kanpoko erakundea laguntzeko izango da.
Izakik, 24 urte daramatza Txernobilgo haurrak udaran Euskal Herrira ekartzen. Egonaldi horien bidez, umeen elikadura eta osasuna hobetzen laguntzen dute. Datorren udarako harrera familiak behar dira, eta kontzientzia zabaltzen lagundu nahi dute kontzertuarekin.
Biharko kontzertuan, hiru taldeez gain Aitor Furundarena (esku soinua), Jesus Maria Andres (perkusioa), Marisa Olano (pianoa) eta Olatz (zeharkako txirula) musikariak ere ariko dira. Guztiak ere, Debora Herrero ordiziarraren zuzendaritzapean.
Estatu mailako lehiaketan sarituak
Pasa den asteburuan, Santo Domingo de la Calzadan () jokatu den Estatu Mailako Gabonetako XXVII. lehiaketan hirugarren saria lortu du Urdanetako Ahotsak haur abesbatzak. 500 euroko saria jaso dute, baina horren gainetik, “motibazioa eta energia txutea” azpimarratu ditu Debora Herrero zuzendariak. Esperientzia “denontzat baliotsua” izan dela dio, baina “batez ere haurrentzat”, izan ere, “indarrak berritzeko eta lanean jarraitzeko indarra” eman die sariak.