Asteroko azokaz gain, animaliak, artisautza produktuak eta beste hainbat erakusketa izango dira. 11:00etan Esker Oneko Ekitaldia egingo diete 2017an nazioarteko sariren bat irabazi duten gaztandegiei.

2017an nazioarteko sariak irabazi dituzten gaztandegiei esker oneko ekitaldia egingo diete.
Urteko azken asteazkena izanik, Eguberrietako azoka berezia izango dute bihar Ordizian. Goizean goizetik, trikitilariek eta dultzaineroek kaleak alaituko dituzte. Erakusketak eta lehiaketak ere ez dira faltako.
Plaza Nagusian asteroko azoka egingo dute, baina herriko beste hainbat txokotan ere izango da zer ikusia. Beti Alai pilotalekuan, kapoiak, antzarrak, indioilarrak, pottokak eta txahalak izango dira. Garagartza plazan, berriz, Euskal Herriko errege-sagar lehiaketa eta erakusketa, bertako fruitu lehorren eta bestelako fruten erakusketa eta lehiaketa, euskal txerrien erakusketa eta eskuz landutako produktuak (eztia, gazta, gozokiak…).
Gaztagileei esker oneko ekitaldia
Bestalde, udaletxeko arkupeetan ekitaldi berezia egingo dute 11:00etan. Esker Oneko Ekitaldia egingo diete 2017. urtean zehar nazioartean sariak irabazi dituzten gaztandegiei. Aldi berean, Lazkaoko Aldasoro-Berri jatetxeko sukaldariak pintxoak prestatuko ditu Plaza Nagusian, eta bertaratzen direnei eskainiko dizkie.
Gazta eta ardo dastaketa
Goizeko ekitaldiei jarraipena emanez, arratsaldean Idiazabal gazten, gazta urdinen eta Jerezko ardoen dastaketa antolatu dute D’Elikatuz zentroan. 19:00etan izango da. Jerezko ardoen dastaketa Iban Mate eta Javier Miguel adituek gidatuko dute. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea, D’Elikatuz zentroan bertan edo 943 88 22 90 telefonoan.
Ordu berean, OrdiziaRock elkarteak antolatuta, Barrena kultur etxearen kanpoaldean txerria erreko dute burduntzian eta zuzeneko musika izango da.