Maurizio uharterako 18 tranbia egiteko kontratua lortu du CAFek
Nazioartean kontratu ugari lortu ditu?CAF enpresak azken hilabeteetan, eta urtea bukatzerako, beste bi kontraturen berri eman du. Aurrenekoa, Maurizioko Errepublikarako 18 tranbia egiteko eskaria da; bigarrena berriz, Gasteizerako beste 3 tranbia hornitzekoa.
Indiako Larsen&Toubro?Limited enpresaren sinatutako kontratuari esker, Maurizioko?Errepublikan egiten ari diren tranbia sistemarako Urbos motako 18 tranbia egingo ditu?CAFek. Tranbia horietako bakoitzak zazpina modulo ditu eta zoru baxukoak eta bi noranzkotarako prestatutakoak izango dira.
Maurizio Indiako Ozeeanoko hego mendebaldean dagoen uhartea da, eta Indiako hego muturretik 3.800 kilometrora, eta Madagaskarretik 900era dago. Garraio arloko sistema integratuaren garapena bultzatzen ari dira, eta proiektu horren baitan sartzen da tranbiaren garapena ere. 26 kilometroko sistema da eta Maurizioko 5 hiri nagusiak lotzen ditu, Port Louis hiriburua barne. Eremu horretan 600.000 lagun inguru bizi dira. Proiektua 48 hilabeteko epean gauzatzea adostu dute; 13 kilometro dituen lehen fasea, ordea, 24 hilabetean bukatuko dute.
Gasteizerako hiru tranbia
Arabako hiriburuan 7 moduloko 3 tranbia egiteko proiektua ere esleitu dute egunotan, eta CAF izan da proiektua gauzatzeko aukeratutako enpresa. Eskaeraren balioa 14,5 milioi eurokoa da. Gasteizko tranbia 2008an zabaldu zuten, eta CAFek 11 unitate egin zituen orduan ere.
Urte borobila izan da 2017a egoitza nagusia Beasainen duen tren eraikitzailearentzat. Aurten lortutako negozio bolumen osoa 1.500 milioi euro ingurukoa da.