Nasak altxatu eta azpiko pasabidea egingo dute. Pasabidea San Bartolome auzotik hasiko da, auzoa erdigunearekin lotzeko.
Adifek eta Ordiziako Udalak hitzarmena sinatuko dute Ordiziako tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko. Otsailean hasiko dira lanekin, eta 2019ra luzatuko dira.
Adifek 4,6 milioi euroko inbertsioa egingo du. Geltokiko nasak altxako dituzte, eta azpiko pasabidea egingo dute. Horrez gain, nasetara igotzeko bi igogailu eta bi eskailera eraikiko dituzte.
Bestalde, udalak 155.000 euro jarriko ditu beste hobekuntza batzuk egiteko. San Bartolome auzoaren eta erdigunearen arteko komunikazioa hobetu nahi du udalak, eta horretarako igogailua eta eskailera jarriko dituzte San Bartolome auzotik Joseba Retolaza pasealekura. Gainera, trenbide azpiko pasabidea San Bartolomeko aparkalekutik hasiko da. Bi zati izango ditu pasabideak, bata geltokiko erabiltzaileentzat eta bestea erdigunera doazen oinezkoentzat.
Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea gustura agertu da proiektuarekin. “Diseinuak irisgarritasun beharrak asetzeaz gain, bizitzeko eta joan-etorrirako Ordizia seguruagoa eta atseginagoa egingo du”.