Urretxu-Zumarraga Ikastolak liburu batean jaso du bere ibilbidea
Amaia Aranburu eta Maider Izagirrek idatzi dute. 10 euroan jarri dute salgai, bi herrietako hainbat tokitan. Argitalpen honekin 50. urteurreneko egitaraua amaitutzat eman dute
Urretxu-Zumarraga Ikastolak ikastetxearen historia jasotzen duen Sustraietatik haziz, hezi liburua argitaratu du. Ikastolak 50. urteurrena ospatu du 2017an eta liburu honekin ospakizunei amaiera eman diete.
Testuak Amaia Aranburuk eta Maider Izagirrek idatzi dituzte, diseinua Eneko Maizek egin du eta marrazkiak Maite Arbonies eta Ane Miren Ormazabalenak dira.
Liburua larunbatean aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Mahaian Amaia Aranburu eta Maider Izagirre egileak, Eneko Maiz diseinatzailea eta Montse Alkorta zuzendaria eseri ziren. Aretoa bete egin zen. Aretoan irakasle, irakasle ohi eta guraso asko elkartu ziren.
Alkortak liburu hau «ezinbestekoa» zela esan zuen. «2015ean hasi ginen urteurrena prestatzen. Ideia asko bota ziren, baina hau ez zuen inork zalantzan jarri. Liburu bat idaztea ez da lan makala eta egitasmo hau aurrera atera duten gurasoek ordu asko pasa dituzte lanean. Bizitza pertsonalari eta familiari ordu asko kendu dizkiote eta eskerrak eman nahi dizkiet Amaia eta Maiderri». Liburuak ikastolak gizarteari egindako ekarpena jaso duela gehitu zuen eta eskerrak eman zizkien testigantzak eman dituzten guztiei.
Egileen iritzia
Izagirrek sorpresaz betetako ibilbidea izan dela aipatu zuen. «Ez nuen uste ikastolak halako pisua izan duenik. Ez da euskaraz irakasteko zentro bat bakarrik izan. Sortzaileei, gurasoei, irakasleei… elkarrizketak egin dizkiegu eta ikastolak material sorketan sekulako pisua izan duela ikusi dugu, adibidez. Ikastoletan erabili den material asko gure irakasleek sortu dute. Iñaki Etxezarretak eman zigun pista eta eskerrak eman nahi dizkiot. Une oro galderak erantzuteko eta testuak errepasatzeko prest egon da».
Liburuak ikasle garaietara eraman duela gehitu zuen. «Oroitzapenak gogora ekartzeko balio izan digu eta irakurleei ere horretarako balio izatea espero dugu. Harro gaude ikastolakoak izateaz. Komunitate bat gara. Liburuak etorkizuneko ikasleek nondik gatozen eta nora goazen jakiteko balio izatea ere espero dugu».
Aranburuk liburuak hiru atal dituela azaldu zuen: bilakaera historikoa, eredu pedagogikoaren eboluzioa eta mugarriak. Azken hauen artean, mendi irteerak eta udalekuak azpimarratu zituen. Balentziaga-Larrañaga sendiaren ekarpena goraipatu zuen: 22 urte eman zituzten udalekuak antolatzen. Bukatzeko, lagundu dieten guztiei eskerrak eman zizkien.
Liburua 10 euroan jarri dute salgai: ikastolan, Kilometroak dendan, Oreka aholkularitzan, Elixabete ile apaindegian, Legazpi liburu dendan eta Aranbururen estankoan.













