Sarraldeko entsegu lokalak urtarrilerako prest egongo dira
Olentzerok opari bikaina ekarri die Urretxu eta Zumarragako musika taldeei: urtarriletik aurrera entsegu lokal duinak izango dituzte. Sarralden egongo dira. Udalek itsasoko garraiorako erabiltzen diren edukiontziak erosi dizkiote aldundiari eta
Olentzerok opari bikaina ekarri die Urretxu eta Zumarragako musika taldeei: urtarriletik aurrera entsegu lokal duinak izango dituzte. Sarralden egongo dira. Udalek itsasoko garraiorako erabiltzen diren edukiontziak erosi dizkiote aldundiari eta beraietan lau lokal egokitu dituzte. Aurrerago beste bi egingo dituzte.
Urretxu eta Zumarragako alkateek, Jon Luquik eta Mikel Serranok, prentsaurrekoa eman zuten egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko.
Luqui izan zen hitza hartzen lehenengoa. «Duela hilabete batzuk edukiontzi bat erakutsi genuen. Ondoren, musika talde batzuek probatu egin zuten. Gustura baino gusturago gelditu ziren. Ordutik, aurrerapauso bat eman dugu eta inaugurazioa urtarrilean izango da», aurreratu zuen.
Bide luzea
Bidea luzea izan dela gogoratu zuen. «2016ko irailean Sarraldeko lokaletara ura sartu zen eta eredu horrekin bukatzea erabaki genuen. Mikelek edukiontziak lortu zituen eta Eusko Jaurlaritzari ere egitasmoa gustatu zitzaion. Hala, 52.000 euro eman zituen».
Sarraldek aukera asko ematen dituela gehitu zuen. «1.000 metro koadro ditugu gazteentzat. Bertan gauza asko egin daitezke eta talde oso ezberdinek lan egin dezakete: bandak, txistulariek…». Taldeekin harremanetan daude kudeaketa eredua zehazteko. «Aurreko eredua baino hobea izango da. Udalek babestua, baina malgua. Hasieran ez da perfektua izango beharbada, baina denborarekin hobetu egingo da».
Serranok erakunde ezberdinen arteko elkarlana azpimarratu zuen. «Hamarkadatan mahai gainean izan dugun behar bati erantzuna eman behar diogu. Modu jasangarrian, gainera».
Urretxuko Udalaren ekarpena goraipatu zuen eta hurrengo pausoen berri eman zuen. «Urretxuko Udalak Sarralde eskaini du eta eskertzekoa da. Graffitiak egin daitezke, butakak jarri, kontzertuak antolatu… Gipuzkoa mailan aitzindariak gara eta sortzaileen topaleku bat izatea nahi dugu. Sormena landu nahi duten guztiek Sarralden tokia izango dute. Beraiek eta kultur teknikariek erronka polita dute», esan zuen.
Prentsaurrekoa ematen ari zirela, bi musikari azaldu ziren. Aitor Carrascok Hiri Galduak eta Gatazka taldeetan jotzen du eta Iñaki Beruetek azken talde honetan. Gustura daude orain arte ikusi dutenarekin. «Lokalak nahiko txukun gelditzen ari dira. Aurrerapauso handia da, orain arte ez baikenuen ezer. Gainera, Sarralde toki ona da. Izan ere, aparkatzeko tokia du. Lokalak erabiltzen hasitakoan egin ahal izango dugu azken balorazioa», aipatu zuten.