Barazkiei eta frutei dagokienez urte emankorra izan bada ere, bezeroei maizago joan daitezen deia egiten diete azokako saltzaileek, halako ondarea osasuntsua mantendu ahal izateko.

Urteko azken azoka izan zen atzokoa. Eguraldi ezatsegina. Haize kolpe bortitzak eta euria, biak bat egiten dutenean aire libreko merkatuen etsai bihurtzen dira. Agurra dotorea eman ez bazion ere, eguraldia portatu da aurten, urte emankorra izan da barazkiei eta frutei dagokienez. Asteroko feriako hainbat saltzailek kalitateari ematen diote garrantzia. «Hemen aurkezten ditugun bezain barazki freskorik ez da denda handi horietan» zioen Arantxa Zurutuzak, eta «astero-astero hemen egoteak konfiantza sortzen du eta guk ere egoskor segituko dugu hemen» Joseba Baezek; «mota askotako gazta edota bestelako produktuak ekartzen ditugu, eta hala ere denen gustua egitea zaila da» erantsi du Mikel Lasak.
Azokaren baldintzei dagokienez aparkaleku egokiak sortu beharra azpimarratu dute. Edota zorroztasun handiegirekin jokatzen dutela udaltzainek, ezer gutxigatik isunak errazegi jartzen dituzteneko ustea dago, «jendea atzeratu egiten dute». Jendearen ohituretan nola eragin buru haustea da, baina inork ez daki gakoa non egon daitekeen: «Ez da denbora kontua bakarrik, ordu honetan gimnasioak beteak egongo dira eta feriak hutsik».
Produktuetan sartuz, arkumea lehenik, joan zen astean baino merkeago aste honetan 5,50 €/k. Sagar mota berri bat Idiazabalgo Kalbarioko Amaiak neguko gorria ekartzen hasi da, bizia gustoz 2,5€/k salgai. Azkoitiko Kurutziagako J.M.Uzin datorren udaberrira arte agurtu da, tomateak hasten direnean hasiko da berriz etortzen; aurten lehenak maiatzaren 3an ekarri zituen.
Mahatsa eta anana
Kanpoko postuetan, mahatsaren (3-4,5€/k) ugaritasuna begi bistakoa da, oraindik ere urtezaharreko kanpaien lagun izaten jarraitzen dute eta propio pipitarik gabeak ere aurkeztu dituzte. Anana ere ongi saltzen dela zioten, mota ezberdinetakoak eta prezioan ere alde nabarmena. 2-4,5 €/k artean. Barazkiei erreparatuz, berriz, orburua eta kardua garaian garaiko berezienak, baina ez dela hainbeste igotzen hauen salmenta zioten.
Hegazti, pottoka, asto, bigantxa, barazki eta fruta erakusketa txoko ezberdinetan, 2017an saritutako gazta ekoizleei omenaldia. Taloak, txerri errea…Eguraldia portatu ez bazen ere, non gozatua bazen atzo Eguberriko feria berezian. Izan astero, hilabetero eta noiz behinkako bezero, gure esku da halako ondarea osasuntsu mantentzea.