Mikel Irizarrek dimisioa eman du
Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, 1954) utzi egin du Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari kargua. Bi urte eta erdi egin ditu postuan eta arrazoi pertsonalak argudiatu ditu dimisioa ematerakoan.”Pila gastatu” zaiola esan du, eta “etxean izandako gaixotasun batek erabakia azkartu” egin duela.
Sare sozialetan zabaldu duen bideoan, Aldundiko arduradunei eta lankideei eskerrak eman dizkie agertu dioten “konfiantza osoagatik”. Gizarte eragileekin izandako harremana ere nabarmendu du: “Azpimarratu nahi nuke gizarte eragileekin izandako harreman intentsoa. Bereziki eskertu nahi nuke konplizitateak eraikitzeko eta elkarlanerako jarrera hori. Denon artean baldintzak sortzea lortu dugu euskararen biziberritze prozesuan jauzi bat emateko. Bide horretan datozen urteak are eta ederragoak izango dira”.
Kargua utzi badu ere, euskalgintzan jarraitzeko asmoa iragarri du: “Kargua uzten dut, baina euskaltzaletasuna ez. Euskararen aldeko lanetan berriz ere bidelagun izango gara”.
Gipuzkoako Aldundiak iragarri du urtarrilean izendatuko duela Irizarren ordezkoa