55 milioi euroko kontratua sinatu dute BKK (Budapesti Közlekedési Központ) hiriko garraioaz arduratzen den enpresarekin.55 milioi euroko kontratua sinatu dute.
CAF enpresak kontratu berria lortu du, Hungariako hiriburuko, Budapesteko tranbiarako. 26 tranbia egingo dituzte; 21 tranbia 5 modulukoak eta beste bost, 9 modulukoak. Lehen entregak 2019ko otsailetik aurrera egingo dituztela aurreikusi dute eta kontratuaren bolumena, gutxi gorabehera, 55 milioi eurokoa da.
2014ko martxoan ere beste kontratu bat sinatu zuten; kasu hartan, 37 tranbia-unitate izan ziren eta gerora kontratua handitzeko aukera ere biltzen zuen. Hain zuzen ere, handik hilabete batzuetara, 10 unitateko lehen handitze-proiektua esleitu zuten. Haiek guztiak dagoeneko bidaiarientzako zerbitzuan daude eta bi eragiketa haiei esker, bolumena 115 milioi euro baino gehiagokoa izan zen.
CAFen esanetan, Hungariako hiriburua izan zen hiriko garraiobide hori erabiltzen hiri aitzindarietako bat eta gaur egun trenbide-sare zabala du. Guztira, 40 linea inguru ditu eta Europa osoan bidaiari gehien garraiatzen dutenetarikoak dira haietako batzuk. Hori guztia dela eta, “bereziki nabarmendu beharrekoa da hiriak berriro ere CAFek fabrikatutako ibilgailuetan konfiantza jarri izana”.
Urbos plataformakoak
Budapesterako proposatutako tranbiak Urbos plataformakoak dira: zoru baxuko ibilgailuak, bi noranzkotakoak, eta bost moduluko tranbiak albo bakoitzeko lau ate bikoitz ditu, eta bederatzi moduluko tranbiak, berriz, zazpi ate bikoitz. 1435 mm-ko trenbide-zabaleran, 50 km/h-ko zerbitzu-abiaduran, zirkulatzeko prestatuta daude.
Bost moduluko tranbiek, 34 metroko luzera dutenek, 326 bidaiari arte garraiatzeko edukiera dute. Bederatzi moduluko tranbiek, berriz, 56 metroko luzera dute eta guztira 562 bidaiari garraia ditzakete (horixe da munduko tranbia luzeenetako bat). “Tranbiaren azalera guztia altuera bakarrean dago eta, horri esker, mugigarritasun mugatuko pertsonek sarbide erraza izango dute, gurpildun aulkia edo haurtxoen orgatxoak erabiltzen dituztenek barne (ibilgailu bakoitzeko bi gune egongo dira horretarako)”.
CAFen esanetan, “kontratu berri horrek enpresak Europako tren-merkatuan duen presentzia handia berretsi du”.