Ampo Ordiziak seigarren postutik gertu jarraitu nahi du
Espainiako Ohorezko Mailako Ligaren 13. jardunaldiko partida jokatuko dute igandean Altamiran Ampo Ordiziak eta Senor Independiente taldeak (12:00). Partida lehiatua espero da, eta baita puntu askokoa ere, aurten puntu gehien lortu dituztenen artean baitaude bi taldeak –Santanderrekoa puntu gehigarri gehien bildu duen taldea da–.
Heineken Ligako bigarren itzuliko lehen partida abenduaren 17an jokatu zuen Ampo Ordiziak Alcobendas Rugbyren aurka. Ligako oilarretako bat da Madrilgo taldea, eta partida hartan berdinketa bat lortzea (24-24) garaipen moduko bat izan zen Xabier Garmendiak eta Iñigo Marotiasek zuzentzen duen taldearentzat. Moralez ondo dago Goierriko taldea, eta Eguberrietako hiru asteko etenaren ondoren, gogotsu dago zaleei beste garaipen bat eskaintzeko.
Aurtengo denboraldian, bigarren jardunaldian neurtu zituzten indarrak bi taldeek San Roman zelaian, eta Ampo Ordiziarentzat izan zen garapeina, azken minutuan gauzatutako zigor kolpe bati esker (36-37). Senor talde indartsua da, laugarren postuan dago sailkapenean (41 puntu) eta garaipena garesti egongo da.
Etxeko lanak eginda
Ampo Ordiziak, aldiz, zazpigarren postuan bukatu zuen urtea (30 puntu), eta Espainiako Errege Kopako play-offa jokatzeko aukera du oraindik –liga erregularreko lehen seirak sailkatzen dira–, baina helburu hori lortzeko premiazkoa zaio etzi irabaztea. Asier Pazos eta Jaun Perez duda dira partidarako, arazo fisikoak dituztelako.