Legazpi ziklo-krosaren hiriburu bihurtuko da asteburuan
Lehenengo aldiz egingo dute Legazpin Espainiako Ziklo-kros txapelketa. Ostiralean, hilaren 12an hasi eta datorren igandera arte egingo dituzte lasterketak. 800 txirrindulari inguru espero dira.
Legazpiarrak kontziente dira zer nolako presioa duten euren gainean neurri horretako proba bat antolatzean. Izen ematea oraindik ere zabalik dagoen arren, gustura dira orain arte izandako izen emate kopuruarekin; eta astebururako estatu osotik etorritako 800 bat txirrindulari espero dituzte. Hauek guztiak hartzeko, inguruko hotel eta landetxeetan tokirik ez dagoela nabarmendu du Agirreburualdek: «Legazpitik Tolosara arteko ostatu guztiak aspalditik daude hartuta».
Partaide kopuru horrek eskaera maila igo besterik ez du egiten. Antolatzaileen hitzetan, gauzak ondo ateratzean ez baita inor norberaz oroitzen, baina gaizki ateratzean ordea, bai. Gainera, euskal hedabideen jarraipenari kirolaren inguruan ikus- entzunezko lanak egiten dituen Madrilgo produktora bat gehituko zaio igandean. Produktora horrek lortu ditu igandeko lasterketako irudien gaineko eskubideak.
Boluntarioen laguntza
Dena ondo atera dadin, eta Legazpiko txirrindularitza toki onean uzteko, astelehenetik hasita ari dira zirkuitua muntatzen. Horretarako, hamar lagun inguruko taldea arituko da lanean egunotan. Asteburuko antolakuntza lanetan, aldiz, berrogeita hamar bat lagun lanean haritzea espero dute.
Dena prest izan beharko dute ostiralerako; 16:00etan hasiko baita txapelketa Autonomia erkidegoetako taldekako errelebo lasterketarekin. Larunbatean, 50 eta 60 urteko masterrak, Master 40ak, gizonezko kadeteak, gizonezko master 30ak eta 23 urte azpiko gizonezkoak arituko dira. Igandean, berriz, emakumezko kadeteak eta gizonezko juniorrak izango dira ateratzen lehenak. 11:45etan emakumezko elite eta masterrak lehiatuko dira, eta txapelketa amaitzeko, 13:15ean egingo dute gizonezkoen elite lasterketa.
Asteburuan egindako eguraldiak ibilbidea nola utzi duen ikusita, antolatzaileek proba oso gogorra izango dela uste dute. Baldintza horietan Euskal Herrian egiten den ziklo-krosa mota garaile atera daitekeela dela uste dute antolatzaileek.














