Bi informazio panel gehiago jarri dituzte Beasainen, Barrendain eta Bideluze plazetan
Beasaingo Udalak, beasaindarrei “udalaren eta herriari buruzko intereseko informazio eta jakinarazpenak modu eraginkorragoan helerazteko tresna gisa” kokatu dituzte bi led pantaile digital berri, Barrendain eta Bideluze plazetan. Erauskin plazan eta Antzizar kiroldegiko sarreran beste bi daude jarrita 2014. urtetik.
Udalaren esanetan, “gardentasuna eta herritarrak informatuta izatea helburutzat ditu Udal gobernuak. Hori dela eta, komunikazio eta informazio bideak zabaltze aldera, beasaindarrek udalaren berri eta udal jardunaren berri izan dezaten, urrats berria eman da”. Horretarako, kalean ahalik eta jende gehien bildu edo joan etorrian ibili daitezkeen pertsonen lekuak aukeratu dituzte: “Alde batetik Barrendain plaza, garraio eta komunikazio lotune garrantzitsua eta bestetik Bideluze plaza, aisialdirako eta merkataritza zerbitzuetarako ezinbesteko pasabidea”.
Jarritako bi panel digitalak Erauskin plazan dagoenaren berdinak dira. “Puntako teknologia dute eta urrunetik panela garbitasunez ikusteko aukera ematen du. Pantaila hauek testu, irudi eta bideoak erakusteko gai dira eta Udalak hiru formatu hauetan herritarrei interesekoa zaien informazio oro zabaltzeko erabiliko ditu”.