Lokatzetan pozik
Asteburu honetan Espainiako Ziklo-kros Txapelketa egingo dute Legazpin, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Elkarte horrek 40 urte baino gehiago daramatza txirrindulari lasterketak ...
Asteburu honetan Espainiako Ziklo-kros Txapelketa egingo dute Legazpin, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Elkarte horrek 40 urte baino gehiago daramatza txirrindulari lasterketak antolatzen.
Telleriarte Legazpiko baserri auzo bat da. Txirrindularitza munduan oso ezaguna da, garai batean ziklo-kros proba ikusgarriak antolatu zirelako bertan eta auzoaren izena daraman elkarteak 40 urte baino gehiago daramatzalako lasterketak antolatzen. Aurten Espainiako Ziklo-kros Txapelketa antolatu dute. Asteburu honetan egingo dute Urtatzan.
Lehen ziklo-kros proba 1976an antolatu zuten. «Auzoa ezagun egiteko ekitaldi batzuk antolatzea erabaki zuten. Lehen lasterketa hura Carmelo Maiztegik irabazi zuen», gogoratu du Mikel Agirreburualdek. Lehen proba hura Nekazarien Anaidia elkarteak antolatu zuen. Gero Telleriarteko Txirrindulari Elkartea sortu zen.
Urte gutxitan Telleriarteko lasterketak sekulako sona lortu zuen. Izan ere, munduko txirrindulari onenak ekarri zituzten. 1988an eta 1996an ere Espainiako Txapelketa antolatu zuten. 1988an Paco Salak irabazi zuen, eta 1996an Jokin Mujikak. Gainera, maila ezberdinetako lasterketak antolatu zituzten eta Euskal Herriko Itzulia hiru aldiz ekarri zuten Legazpira.
Erreleboa
Duela zortzi urte Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko lan taldeak erretiroa hartu zuen eta egungo kideek hartu zuten erreleboa.
Hasieran, herriko jaietako klasikoa bakarrik antolatzen zuten. Ondoren, ziklo-kros proba berreskuratzea erabaki zuten. Telleriarten antolatzerik izan ez zutenez, Urtatzako tiro zelaian antolatu zuten. Aurten zazpigarren edizioa egin dute.
Lasterketak antolatzea ez dela broma diote. «Lan handia da. Gainera, boluntarioak gara. Gustatzen zaigulako egiten dugu. Zorionez, herritarren laguntza dugu. Guk bakarrik ezingo genuke. Maiatzaren 1eko lasterketan 100 pertsona baino gehiago mobilizatzen ditugu».
Klasikoarekin eta ziklo-kros probarekin nahikoa ez nonbait, eta Espainiako Ziklo-kros Txapelketa antolatzea erabaki dute. Erronkak gustuko dituzte. Juan Luis Ormazabalen burugogorkeria bat izan dela diote. «Gijon eta Torrelavegako txapelketetan egon nintzen eta guk ere antola genezakeela pentsatu nuen. Kideak prest agertu ziren eta aurrera egin genuen».
Lanik gogorrena lasterketa aurrekoak prestatzea dela diote. «Inoiz egin ez ditugun lanak egitea tokatu zaigu: paperak, seinalizazioa, aparkalekuak, argindarra… Torrelavegan 10.000 ikusle elkartu ziren eta Legazpik 8.000 biztanle bakarrik ditu. 10.000 lagunentzat zerbitzuak eskaini beharko ditugu», azaldu du Ormazabalek.
Txirrindulari kopurua ere ez da makala izango. «800 txirrindulari baino gehiago etorriko dira. Bakoitzak txorizo mutur bat jan behar badu, pentsa zenbat txerri hil behar diren!», dio Agirreburualdek txantxetan.
«Torrelavegan 10.000 ikusle elkartu ziren,
eta Legazpik 8.000 biztanle ditu»
Juan Luis Ormazabal (Antolatzailea)«Telleriarteko zirkuitua Euskal Herriko
gogorrenetakoa da, denetik baitu»
Mikel Agirreburualde (Antolatzailea)
Legazpiarrak lehian
Parte hartzaileen artean legazpiarrak ere egongo dira: kadete mailako Ander Ormazabal, 23 urte azpiko Mikel Mujika, elite mailako Ander Ibarguren, master 30 mailako Oskar Gonzalez eta Aitor Izagirre, master 40 mailako Imanol Ugarte eta master 50 mailako Aitor Zabaleta. Iñaki Goiburuk ez du erabaki oraindik parte hartuko duen. Antolatzaileek Zabaleta eta Gonzalez lehenengoen artean sailkatzeko moduan daudela uste dute.
Bederatzi proba egongo dira. Lehenengoa gaur bertan izango da, 16:00etan. Taldekako errelebo proba izango da. Erkidego bakoitzeko sei txirrindularik parte hartuko dute, maila bakoitzeko batek: kadete mailako bat, gazte bat, emakumezko bat, 23 urte azpiko bat, elite mailako bat eta master bat. Txirrindulari bakoitzak itzuli bat emango dio zirkuituari.
Bihar bost lasterketa egongo dira: 09:30ean gizonezko master 50ak eta 60ak lehiatuko dira, 10:45ean master 40ak, 12:00etan gizonezko kadeteak, 14:30ean master 30ak eta 15:45ean 23 urte azpikoak.
Igandean beste lau lasterketa egongo dira. 09:30ean kadete mailako emakumezkoak lehiatuko dira, 10:30ean gazte mailako mutilak, 11:45ean emakumezkoak eta 13:15ean elite mailako gizonezkoak.
Zirkuitua ohikoa izango da. Ia 3.000 metro ditu. «Euskal Herriko gogorrenetakoa da, denetik baitu. Gainera, urte sasoi honetan bereziki gogorra egingo da. Garai bateko zirkuituen antza handiagoa du egungoena baino. Egun lauegiak dira. Herbeheretarrak dira egun indartsuenak eta zirkuitu lau eta teknikoak atsegin dituzte. Gurea suitzarren estilokoa da», azaldu du Agirreburualdek.
Faborito nagusia Felipe Orts dela uste dute. «Zirkuitua Ruiz de Larrinagarentzat egokia da, baina 39 urte ditu dagoeneko. Berak irabaziko balu, David Seco eta Talamilloren marka berdinduko luke».
Sarrera doan izango da. Errifak salgai jarriko dituzte eta bi taberna egongo dira. Tabernetan janaria ere zerbitzatuko dute eta eserita bazkaldu ahal izango da.