«Nire burua hobetzen ikusteak jarraitzeko bultzada eman dit»
Lur Zufiria Gipuzkoako ziklo-kros txapelduna da kimuen mailan eta Euskadiko seigarrena.
Lur Zufiriak (Ormaiztegi, 2003) betidanik izan ditu inguruan txirrindularitza ...
Lur Zufiria Gipuzkoako ziklo-kros txapelduna da kimuen mailan eta Euskadiko seigarrena.
Lur Zufiriak (Ormaiztegi, 2003) betidanik izan ditu inguruan txirrindularitza zaleak. Gurasoek txirrinduaren harra sartuta dute eta haiekin ibiltzen hasi zen 10 urte zituela. Iazko urtea Gipuzkoako ziklo-kros txapelketa irabazten eta Euskadikoan seigarren egiten amaitu zuen. Ormaiztegiko 47. Ziklo-krosean bigarren egin du aurreko igandean. Iaz mailaz igo eta kimuetan ari da.
Gurasoen zaletasunak probatzeko gogoa sortu zizun?
Bai, Ampo taldean hasi nintzen 10 urterekin, baina nor bere kasara entrenatu behar zen eta ni gurasoekin ibiltzen nintzen. Etxean asko lagundu didate, zaletasuna dutenez beraiekin joateko aukera izan dut. Goierri aldean ibiltzen ginen eta adi-nean gora egin ahala kilometroak gehitzen joan ginen. Egia esateko, gero eta gehiago gustatu zitzaidan eta nire burua hobetzen ikusteak ere jarraitzeko bultzada eman dit.
Iazko urtea kimuen mailan amaitu zenuen.
Tolosako Gipuzkoa Ogi-Berri taldean nago, nesken taldea da. Astero entrenamendu taula bat jartzen digute eta astean behin Donostiako Belodromora joaten naiz pistan entrenatzea. Ni, hala ere, ez naiz pistan ibiltzen.
Pistakoa gogoko ez eta ziklo-krosa aukeratu zenuen. Zergatik?
Ziklo-krosa askoz ere biziagoa da, pistakoa monotonoagoa da. Biak probatu ditut eta ziklo-krosarekin geratu naiz.
Oñatin Gipuzkoako txapelketa irabazi zenuen.
Bai, lokatz asko zegoen eta oso gogorra izan zen, baina oso gustura aritu nintzen. Irabaz-teak jarraitzeko gogoa ematen dizu.
Izarran (Araba) urte amaieran jokatu zenuen Euskadikoa eta seigarren egin zenuen. Nola joan zen?
Oñatikoa biziagoa izan zen, Izarran lokatza itsatsi egiten zen, eta ni ere ez nengoen nire onenean, aurreko astea gaixorik eman bainuen.
Eta, hala ere, seigarren egin zenuen. Ez da marka txarra, ala?
Ez, postu ona da.
Zure lagunek egiten duten gauza bat baino gehiago ezingo duzu egin entrenatzera joateko. Konpentsatzen du?
Bai, zalantzarik gabe. Asko gustatzen zait lagunekin egotea eta txirrindularitza ere gustatzen zait. Areago, txirrindu munduak Ormaiztegitik kanpoko mundua ezagutzeko aukera eman dit, baita lagun berriak egiteko parada ere.
Eta etorkizuna?
Txirrindularitzarekin jarraitu eta irakasle gisa ikusten dut nire burua.
Ormaiztegin bertan aritu zara aurreko asteburuan. Zer moduz?
Gogorra izan da, elurrarekin parte hartu dudan lehen aldia izan delako, baina ondo. Bigarren postua egin dut, eta gustura geratu naiz.