Seguratik bereizi ondoren, Urtsuaran auzoak 70 urte bete ditu Idiazabal herriari atxikita. Gaur egun 38 lagun bizi dira han, eta auzoa biziberritzeko lanean ari dira
Idiazabaldik Altsasu aldera, Etzegarate mendatean gora, eskuin aldera, Urtsuaran izena daraman bide seinalea irakur daiteke. Bidean behera hartuta, izen bereko errekari segituz, baserri bakanak ikus daitezke zelai berdez eta basoz inguratuta. Izenari erreparatuz gero, hurritz ugari zegoen harana izango zen garai batean. Xarma handiko harana da, istorio asko gordetzen dituena, Segura eta Idiazabalen arteko liskarrak tarteko. Duela 70 urtetik, 1947ko abenduaren 28tik, Idiazabalen auzoa da Urtsuaran, baina beti ez da horrela izan, Segurako zati ere izana baita urte askoan. Urtsuarandarrek Amaren Alabak kantari taldearekin ospatu zuten Idiazabalera atxiki izanaren 70. urteurrena.
Segurak eta Idiazabalek mende askoko harremana izan dute Urtsuaranekin. Antonio Berasategi Idiazabalgo historialariak gogoratu duenez, “Asun Urzainkiren esanak oinarri hartuta, 1409an Idiazabalek eta Segurak bi herrien partzuergoa osatu zuten Urtsuaranen”. Partzuergo hark bazuen berezitasun bat: herri lurren partzuergoa bakarrik izan beharrean, baserriak ere hartzen zituen. “Giza bizileku iraunkorrak daude dokumentatuta; alegia, baserriak egon zirela bertan, beheragoko beste hainbat lekutan bezala. Horietan, beraz, jabetza pribatua sortuko zen, lehen herri lur izandakoetan”, zehaztu du Berasategik. Elkarte horretan, herri bakoitzak “berak bakarrik” erabiltzen zituen eremuak antolatu zituzten.
1615ean Seguraren barrutian zeuden herriek burujabetasuna lortu bazuten ere, horrek ez zuen aldaketarik eragin Urtsuarango partzuergoaren antolaketan. “Bi herriena izaten jarraitu zuen, eta, handik aurrera Idiazabalek ere bere alkatea izan zuenez, bi herrietako alkateek izan zuten agintea Urtsuarango partzuergoko lurretan”. Dena den, administrazio arloko egitekoak ugaritu eta zabalduz joan zirenean, Segurako Udalak hartu zituen arlo horretako ardura gehienak.
Eliza kontuetan ere Segurako parrokiari lotuta ageri dira urtsuarandarrak, baina 1845-1850 aldera euren parrokia edukitzea eskatu zuten urtsuarandarrek, eta hara lekualdatu zuten Segurako Santa Engraziakoa. Parrokia berrian sartuta geratu ziren Etzegaratekoak ere. 1850 aldera Etzegarateko errepidea egin zutenean, etxe berriak eraikitzen hasi ziren goialdean. Bidaiarientzako bentak izango ziren batzuk, eta administrazio zerbitzuenak beste batzuk. Auzo berria sortu zuten Etzegarate gainean.
1852an, partzuergoa desegin eta erdibanatzea erabaki zuten bi herriek. “Herri bakoitzak bere udal barrutira bildu zuen bere zatia; orduantxe egin berria izango zen errepidean jarri zuten muga: bidean gorantz goazela, ezker aldea Idiazabalentzat, eta eskuin aldea Segurarentzat. Baina mendatean bi aldeak Segurarentzat izan ziren”. Berasategiren esanetan, ez zen istilurik falta izan, “idiazabaldarrak kexu azaldu baitziren, etxe guztiak [bakarren bat kenduta] Segurako zatian geratu zirelako; bi herriak auzitan ibili ziren ondorengo urteetan”.
1944ko urrian, urtsuarandarren talde batek idatzi bat aurkeztu zuen Idiazabalgo Udalean, auzoan bizi ziren 163 biztanleen izenean, Idiazabalera atxikitzearen arrazoiak azalduz. Ondorengoa da azalpena: “Idiazabalekin dugu harremanik estuena, eta Segurarekin beharrezkoak diren loturak besterik ez ditugu. Garraiobiderik ez dugunez, Santa Barbara mendia zeharkatu beharra izaten dugu Segurara joateko, eta lan eguna galtzen dugu askotan. Raziomenduak jasotzera ere, ogia bederen, Idiazabalera jotzen dugu. Segurak ez dizkigu eskaini legeak agindutako zerbitzuak, eta Idiazabalgo Udalak eman dizkigu horiek. Ekonomikoki ere Idiazabalekin dugu lotura”.
Idiazabalgo Udalak urtsuarandarren txostena onartu zuen 1946ko martxoan, eta babesa adierazi zion Urtsuarani. Urte bereko abuztuan, Gipuzkoako gobernadore zibilari eskaria egin zion Idiazabalgo Udalak: arazoari irtenbidea emateko segurarrek batzorde berezia sor zezatela. Segurak ez zuen batzorderik sortzen, ordea, eta 1947ko otsailean gobernadore zibilak eskaera egin zien segurarrei Idiazabalekin bat egitearen aurka zituzten arrazoiak aurkezteko. Segurak Urtsuarango partzuergoan izandako lurrak Idiazabalen administraziopera pasatu ziren 1947ko azaroaren 10ean Madrilen egindako ministroen kontseiluan; baita lehen Segurako mugapean geratuak ziren etxe eta bizilagun guztiak ere.
Inozente egunean
1947ko abenduaren 28an, inozente egunean, ospakizun ofiziala egin zuten, gobernadore zibilaren idazkari nagusia bertan zela. Segurako ordezkaririk ez zen izan idiazabaldarren eta urtsuarandarren ondoan. Zinta moztu zuten Idiazabal eta Urtsuaranen arteko mugan. Liskarrak ez ziren hor bukatu, ordea: Segurak protesta egin zuen, eta epaitegietara eraman zuten auzia. 1953ko abenduan atzera bota zuten Segurak aurkeztutako helegitea.
Etxe berean biziagatik, Seguran jaioak direla jartzen du Urtsuarango adinekoenen nortasun agirian, nahiz eta gaur egun idiazabaldarrak izan. Ondorioz, herri desberdinetan jaioak dira familia bereko kideak.
Urtsuaran auzoa biziberritzeko erronka esku artean
1944an, 163 biztanle bizi ziren Urtsuaranen, eta, gaur egun, 38 lagun bizi dira bertako baserrietan. Landa eremuko auzoa da, eta herri izaera handia du. Idiazabalgo Udaleko ordezkariak auzotarrekin biltzen dira hilero auzoko beharrei erantzun eta auzoa berpizteko helburuarekin. Ioritz Imaz alkatearen esanetan, auzotarren parte hartzea areagotu nahi dute, “auzoan aktibitate ekonomiko berriak sortzeko helburuarekin, gazteenen ideiak ezagutuz”.