Garingo mendi lasterketarekin hasiko da igandean III. Goierri Trail Kopa
Igandean, 12:00etan hasiko da VI. Garingo Mendi Lasterketa, III. Goierri Trail Koparen lehenengo proba puntuagarria. 11 kilometro eta 880 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek Garingo maldetan gora eta behera; hiru itzuli desberdin egin beharko dituzte. Aurten ibilbidea aldatu egin dute zertxobait: «Bigarren itzulian, Arriarango urtegira jaisteko bidea hartzeko, iaz baratza tartetik joaten zen eta aurten garai bateko herri-bidetik da. Eta hirugarren itzulian, Azken jaitsieran, pistatik jaitsi ordez, basoan zehar jaisten da errepideraino». 300 korrikalarirentzako muga dago eta atzo, berrehundik gora izan izena emandakoak. 18 urtetik gorakoek har dezakete parte. www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena, eta izen-emate kopurua betetzean, ez da lasterketan apuntatzeko modurik izango egunean bertan.
Goierri Kopa Traileko lasterketa motzeko lehenengo liderrak erabakiko dira igandean Garinen.
Gaur sari banaketa
Beasain Challengearen barruko sei lasterketetatik lehenengo proba puntuagarria ere bada Garingoa. Gaur, 19:30ean, udaletxean egingo da 2017ari dagokion sari banaketa eta bertan jakingo da sei lasterketan parte hartu duten 8 korrikalarien artean nor izan den 2017ko irabazlea. Beasaingo sei lasterketetan parte hartu dutenak Gorka Etxeberria, Amaia Barandiaran, Elena Calvillo, Haritz Mujika, Mikel Azurmendi, Andoitz Imaz, Juan Carlos Valdivielso eta Josu Aguilar dira; bost lasterketetan parte hartu dutenak, berriz, Jon Garmendia, Jon Aizpuru, Iker Urteaga, Iñaki Etxeberria, Koldo Agirre eta Xiker Mujika.