Irizar ie tram autobus elektrikoak sari bikoitza jaso du Madrilen
Urte berria bi sari berrirekin hasi du Irizar Taldeak. Irizar ie tram autobus artikulatu eta %100 elektrikoa saritu baitute Espainian. Transporte3 eta Viajeros aldizkariek antolatzen duten sari banaketan, 2018ko Urteko Autobusa eta Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoa sariak jaso ditu.
Sari banaketa asteazkenean egin zuten, Madrilgo Novotel Madrid Center hotelean. Bertan izan ziren Jose Manuel Orcasitas Irizar taldeko zuzendari nagusia eta Hector Olabe, Irizar e-mobility enpresa berriko zuzendaria.
Orcasitasen hitzetan, “sari bikoitz hau Irizar Taldeak azken urteetan egindako jauzi estrategiko handiaren ordaina” da, eta berain marka “lehen postuetan kokatzen da, soluzio teknologiko osoak eta abangoardiakoak eskaintzko orduan”. Olabe berriz, “oso harro” agertu zen Irizar ie tram autobusak jasotako bi sariekin. Izan ere, “Irizar taldean sortutako teknologia” erabiltzen du, eta horrek, bezeroei “giltza eskuan motako elektromugikortasun soluzio global eta pertsonalizatuak” eskaintzeko aukera ematen die.