Larrua, argazkia biltzeko
Miriam Fernandez kubatarrak haur eta gazteei zuzendutako larrugintza ikastaroa emango du larunbatean Antion.
Zumarragako Udalak antolatuta, 5 eta 10 urte bitarteko haur eta ...
Miriam Fernandez kubatarrak haur eta gazteei zuzendutako larrugintza ikastaroa emango du larunbatean Antion.
Zumarragako Udalak antolatuta, 5 eta 10 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako larrugintza ikastaroa egingo dute bihar Antioko interpretazio zentroan. Hirugarren urtez emango dizkie Miriam Fernandezek larrugintzari buruzko oinarrizko ikasbideak etxeko txikienei. Ikastaroa 16:45etik 18:15era bitartean egingo da, eta aldez aurretik kultur etxean izena ematea beharrezkoa da.
Miriam Fernandez kubatarra da jaiotzez, baina harreman estua du Goierrirekin, Kubatik etorri eta bederatzi-bat urtez egon baitzen Urretxun bizitzen. Kuban larrua lantzen zuen; «poltsak egiten nituen, larrua modu errustikoan lantzen nuen». Euskal Herrira iritsi zirenean, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako egin zuten lan urte luzez senarrak eta biek. Baina ez zuten larrugintza alde batera utzi.
Garai hartan Mairi elkarte-koei ikastaroak ematen hasi zen. «Urtebete inguru aritu nintzen Mairikoei larrua nola landu irakasten», oroitu du. Herriko beste neska bati ere irakatsi zion larrugintza: «Gerora, bertako artisauak elkartu zituela eta Made in Urola azoka egiten hasi zirela jakin nuen».
Orain hiru urte Aldundiko lana galdu zuten bai senarrak eta bai berak, eta langabezian gelditu ziren biak. Hori dela eta, eta zerbait egin beharra zutela ikusita, larrugintzarekin zerikusia zuen zer edo zertan lanean hastea pentsatu zuten. «Nire senarrak larruzko sandaliak egiten zituen Kuban, eta oinetakoak ere konpontzen zituen». Hala, larrua lantzeko makina industrial bat erosi zuten aurrena. «Ez zen lan erraza izan, hemen larrua lantzeko materiala eskuratzeko denda fisikorik ez zegoelako. Gauzak internetez erosi behar izan genituen hasieran».
Denda propioa Donostian
Oporretan Gijon (Asturias) aldera joan ziren batean, larrua lantzeko materiala, larrua, eta beharrezkoak saltzen zituen denda batekin egin zuten topo. «Ideia asko gustatu zitzaigun eta Gijongo dendaren ideia kopiatu genuen hona ekartzeko». Hala, Donostiako Aldamar kalean CuARTcub denda zabaldu zuten larrua lantzeko beharrezko guztiarekin.
Dendan larrua lantzeko eta mozteko tresnak saltzen dituzte, larru zatiak, burdineria, mosketoiak, kremailerak… «Guk bere garaian nabaritu genuen hutsunea betetzeko asmoz ireki genuen denda», zehaztu du Fernandezek. Materiala saltzeaz gain, larruarekin egindako edozein pieza, «zapatak, poltsak…» ere konpontzen dituzte.
Haurrekin lan egitea
Zumarragan bihar emango duen ikastaroari buruz galdetuta, kultur etxetik jarri zirela berarekin harremanetan dio. «Orain hiru urte deitu zidaten lehenengoz, eta oraindik jarraitzen dugu elkarlanean», azpimarratu du. Ordu eta erdi inguruko ikastaroa emango du. Gehiegi sakontzeko aukerarik ematen ez duenez, helburu nagusia haurrei larruarekin zerbait egiteko aukera ematea da.
Ikastarora «dena ahalik eta prestatuen» eramaten saiatzen da. Larru zatiak moztuta, beharrezkoa bada zuloak eginda… «Izan ere, erabiltzen ditugun zenbait tresna arriskutsuak izan daitezke haurrek erabiltzeko». Bihar, argazkiak jartzeko larruzko marko bat egingo dute. Aurretik, diru-zorroak edo arkatzak gordetzeko estutxeak ere egin izan dituzte. Fernandez gustura dago ikastaro hauekin, haurrekin lan egiteko esperientzia «oso interesgarria» dela uste baitu.