Katalanen erasoari eutsi eta buelta ematea lortu du Ordiziak
Maila handiko partida ikusteko aukera izan zuten atzo, Ordiziako Altamiran bildutako zaleek. Etxekoek Santboiana talde indartsua zuten aurkari, eta katalanak indartsu etorri baziren ere, eusten jakin zuten, eta baita jokoari buelta eman eta garaipena lortzen ere.
Partida hasieratik kontrolpean hartu nahi izan zuen Santboik, eta eraso betean atera zen lehenengotik. Ahaleginak laster eman zuen fruitua 0-7 aurrea hartu zuten. Aukera gehiago izan zituzten katalanek, baina etxekoek lan ona egin zuten defentsan. Ordiziarrak 20. minuturako hasi ziren jokoari buelta ematen; zigor kolpe batekin lehendabizi, eta Coert Cronjeren entseguarekin gero, 10-7 aurrea hartu zuten. Bi kolpe horiek, eta lehen zatia bukatu aurretik beste bat ere gauzatu zituen Valentin Cruzek.
Bigarren zatian erasoan atera ziren ordiziarrak, eta jokaldi landu baten ondoren, Fernando Martinek entsegua egin zuen 53. minutuan., baita Cruzek gauzatu ere. 20-7koarekin, partida bere alde zuten etxekoek. Baina Santboianak laster erreakzionatu zuen, handik lau minutura lortu baitzuten bigarren entsegua. Partidan ziren, berriz ere.
Baina etxekoak ez zeuden amore emateko; ez zuten garaipen horrek ihes egiterik nahi. Beste jokaldi on banatan, Eneko Goiak eta Beñat Erbina gazteak entsegu bana lortu zuten. Katalanak saiatu ziren erasoan, baina etxekoak fin ibili ziren atzo defentsan. Valentin Cruzen azken zigor kolpe batek jarri zuen azken emaitza markagailuan, 35-14.
Berriz ere Altamiran
Garaipena oso garrantzitsua izan da Ordiziako klubarentzat. Play offak dituzte helburu, eta 6. postutik 2 puntu eskasera daude orain. Datorren asteburuan ere partida garrantzitsua jokatuko dute, hau ere, etxean. Senor Independiente ligako hirugarren sailkatua izango dute aurkari. Partida 12. jardunaldikoa da berez, urte hasieran elurragatik atzeratu zena. 12:30ean jokatuko dute, Altamira zelaian.