Donostiarako moduko gimnasioa Urretxun
Donostian bista zoragarriak dituzten gimnasio bikainak daude, baina Urretxun ireki dutena ere ez da makala. Erabiltzaileek Labeaga kaleko plaza berria dute aurrez-aurre. Gainera, ia egun osoan zabalik dago eta tamainaz
Donostian bista zoragarriak dituzten gimnasio bikainak daude, baina Urretxun ireki dutena ere ez da makala. Erabiltzaileek Labeaga kaleko plaza berria dute aurrez-aurre. Gainera, ia egun osoan zabalik dago eta tamainaz Infinit Fitness kateak Madrilen dituenak baino handiagoa da. Zeresan handia ematen ari da bizilagunen artean.
Infinit Fitness kateko gimnasio hau Baltasar eta Asier Suarez aita-semeek ireki dute. Plaza berriko etxebizitza eraikina egin dute eta beheko solairu guztia gimnasioari eman diote. Batzuek herri baterako gehiegi dela uste dute. Beraiek ez dira iritzi berekoak, noski. «Behar handia zegoen, batez ere Magarti gimnasioa itxi zutenetik. Ohiko eredutik at dagoen bat irekitzea erabaki dugu. Ordutegi zabala eskaini nahi genuen eta 06:00etatik 02:00etara zabaltzen dugu. 24 orduz ireki nahi genuen, baina jaurlaritzaren araudiak lau orduz ixtera behartzen gaitu», azaldu du aitak.
Ohitura aldaketa
Gizartearen ohiturak aldatu egin direla eta horretara egokitu beharra dagoela uste dute. «Jendeak nahi duen unean egin nahi ditu gauzak: gimnasiora 06:00etan etorri nahi badute, ez dute nahi inork 07:00etan etortzeko agintzea. Askatasuna nahi dute. Internet bidezko erosketekin antzera gertatzen da: jendeak erosketak etxetik eta gauez egin nahi ditu eta hurrengo egunean jaso».
Bere semeak geroz eta denbora gutxiago dugula gehitu du. «Lanari eta familiari ordu asko ematen dizkiogu eta ordutegi honekin seme-alabak jaiki aurretik edo oheratu ondoren etortzeko aukera ematen dugu. Goizeko lehen orduetan jende asko etortzen da. Dena den, jende gehien arratsaldean etortzen da. Hori bai, ordutegi zabala dela eta, gimnasioa ez da sekula betetzen».
Ordutegia ez da gimnasio hau berezi egiten duen gauza bakarra. «Klimatizazio ona dugu. Jendeak aireztatzeari garrantzi handia ematen dio, gimnasio batera sartu eta izerdi usaina sumatzea oso desatsegina baita. Hemen garbi usaina dugu. Gainera, lokala intsonorizatua dago bizilagunei enbarazurik ez sortzeko. Eta aldagelak indibidualak dira».
Eta aparatuak merkatuko modernoenak direla nabarmendu dute. «Ariketa kardiobaskularrak egiteko aparatu guztiek telebista eta Internet dute, eta spinning birtualaren aldeko apustua egin dugu. Hala, edozein ordutan egin daiteke kirol hau. Erabiltzailea ez da ordu zehatz batean etorri behar».
Tamaina handikoa
Lokalaren tamaina ere azpimarratu dute. «Gurea Euskadiko lehen Infinit Fitness gimnasioa da eta kate honetako handiena da, gainera. 400 metro koadro ditu. Gainontzekoek 250-300 dituzte. Aparatuen artean toki gehiago dago eta horrek aparatu berriak sartzeko aukera ematen digu. Hazteko aukera dugu».
Urretxuko gimnasioa abenduaren amaieran ireki zuten eta ia 200 bazkide dituzte dagoeneko. Adin guztietako jendea etortzen da. Emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira. Bazkideen artean, Legazpi, Ormaiztegi eta Antzuolako jendea ere badago. Bazkideei eskerrak eman nahi dizkiegu».
Herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskaintzearen aldeko apustua egin behar dela uste dute. «Zerbitzu batzuk hirietan bakarrik eskain daitezkeela dirudi, baina hori ez da hala, eta erakusten ari garela uste dugu. Bazkide askok hiri bati dagokion gimnasioa ireki dugula esan digute. Ez gara iritzi berekoak: herriek hiriek bezainbeste merezi dute», aipatu du aitak. «Herrian negozio asko itxi dira. Zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar dugu, bestela jendea lo egitera bakarrik etorriko da herrira», amaitu du semeak.