Beasaingo Errekarte baserria botatzen hasi dira
09:00ak aldean hasi dira Beasaingo Errekarte baserria eraisten. Poliki-poliki ari dira botatzen, zurezko zutabeak banan-banan ateratzen. Arkeologoek aurrez markatu dituzte hainbat zutabe eta orain ikerketa arkeologikoa egingo dute.
Beasaingo Udalak 114 etxebizitza eraikiko ditu Errekarte eta Telleri baserrien eremuan; Errekarte Txiki etxe ondotik, baratzeak dauden aldean hasiko dira etxebizitzak eraikitzen.
Amiantoa
Herritar batek Hitzari jakinarazi dionez, Errekarte baserriaren aurreko txabolaren teilatuan amiantoa dago eta udalari eman dio arazoaren berri. Udalaren esanetan, “udala jarri da enpresarekin harremanetan, eta honek kasu hauetan eman beharreko pausoak ematen ari da. Zati horretan astiroago lan egingo da”.
Bestalde, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, “Osalanekin eta Lan Delegaritzakin harremanetan jarri gara, eta baieztatu digute eraisketa lanekin hasteko ez dutela amiantoa erretiratzeko baimenik eskatu”. Hori dala eta, “urgentziazko salaketa bat” jarri du LABek Lan Delegaritzan, “langileen segurtasunaren inguruko kezka” dutelako. Ingurumen arlokokin ere harremanetan jarri direla argitu du LABek.